San Nikolas festak 2026

Sanikolas hauetan barrakak Mendibeltzeko aparkalekuan egongo dira

Onintza Lete Arrieta

Barrakak Ikastolaren aurreko plazoletan. (Onintza Lete Arrieta)

Andramari gunean egiten ari diren lanak direla eta, San Nikolas jaietako barrakek kokapen berria izango dute aurten. Barrakak, zehazki, aparkalekuaren mendebaldean jarriko dituztela azaldu du udalak, "etxebizitzekiko tartea utzita". Abenduaren 1ean hasiko dira barrakak muntatzen. 

Andramari guneko lanak direla eta, aurten ezingo dituzte barrakak Ikastolako plazoletan jarri San Nikolas jaietan, baina udalak toki berria aurkitu die: Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko aparkalekua. Barrakak, zehazki, aparkalekuaren mendebaldean jarriko dituztela azaldu du udalak, "etxebizitzekiko tartea utzita".

Abenduaren 1ean, asteartearekin, hasiko dira barrakak muntatzen, eta beraz, egun horretan, eguerdirako, aparkalekuaren zati handi bat hustu egin beharko da. Muntaketa lanak amaitu eta segurtasun neurriak bermatu ondoren, abenduaren 4an, ostiralean, jarriko dituzte martxan barrakak.

Udalak jakinarazi duenez, aurten barrakak sei egunez egongo dira zabalik, abenduaren 4tik 9ra. "Egonaldiaren iraupena murriztea erabaki da, kokapen berrian inguruko bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko eta aparkalekua ahalik eta lasterren berriro erabilgarri egon dadin". Hala, abenduaren 10ean, desmuntatze lanak amaitutakoan, aparkaleku osoa erabilgarri egongo da berriro.

Prezio murriztuak eta zaratarik gabeko ordutegiak

AFADE barraken elkartearekin adostuta, abenduaren 9an barrakek prezio murriztua izango dute. Era berean, musika ordutegiak ere zehaztu dituzte, eta egunero zaratarik gabeko bi tarte izango dira: goizez, 11:30etik 12:30era, eta arratsaldez, 17:00etatik 18:00etara. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide