Sufrituta irabazi ditu asteburuko puntuak Orio Eragin eskubaloi klubeko senior taldeak, baina horri esker, sailkapen nagusian postu bat egin du gora, eta bigarren da Zipri Orio, Basauriren atzetik. Hamalau puntu dituzte bizkaitarrek, eta bi gutxiago oriotarrek. Urdaneta da hirugarren –bigarren zegoen orain arte–, hura ere hamabi punturekin.
Asteburuko partida Oñatin (Gipuzkoa) jokatu zuten oriotarrek Ulma Aloña Mendiren kontra, eta justu-justu irabazi zuten, 19 -20 emaitzarekin. Taldeko arduradunek aitortu dute lehen zatian ez zutela beren erritmoa eta intentsitatea jartzeko gaitasunik izan, "orain arte erakutsi dugun txispa falta izan zitzaigulako". Atsedenaldira hamarnako berdinketarekin iritsi ziren. Bigarren zati hasieran "sentsazioak errekuperatzen" hasi zen taldea, eta hiruzpalau goleko abantaila ere lortu zuten nahiko azkar, "baina ez ginen partida puskatzeko gai izan, nahiz eta defentsako eta ateko lan ona egin".
Amaieran, oriotarrek bost goleko abantaila izan arren, "erabaki oker eta akats dezente" izan zituzten, eta markagailuan gerturatzea lortu zuten oñatiarrek.
Kontuak kontu, oraingoan ere garaipenarekin itzuli dira etxera, eta hurrengo partida prestatzen hasi beharko dute buru belarri, liderra hartuko baitute etxean, Basauri. Partida hori larunbatean izango da, 13:15ean hasita, Karela kiroldegian.