Umeen arropa trukatzeko aukera ere izango da aurten jostailu eta liburu truke azokan

Julene Sorarrain

Orioko Jostailu eta liburu truke azoka, artxiboko irudian.

Urtero bezala, jostailu eta liburuen truke azoka egingo dute Herrio natur taldeak eta herriko ikastetxeek. Azaroaren 27an eta abenduaren 11n egingo dute bilketa, eta hurrengo egunean, abenduaren 12an, izango da azoka. Aurten, gainera, umeen arropa bildu eta trukatuko dute, Iriki Begik taldearen ekimenez.

Herrio Natur Taldeak, Orioko Herri Ikastolarekin eta Zaragueta Herri Eskolarekin elkarlanean, liburu eta jostailu truke azoka antolatu du, etxeetan erabiltzen edo behar ez diren liburu zein jostailuei erabilpen berri bat emateko helburuarekin. "Euskara, elkartrukea eta berrerabilpena sustatzea dugu helburu, baita gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea", azaldu dute egitasmoaren antolatzaileek.

Azoka abenduaren 12an egingo dute, 10:30etik 14:00etara, Herriko Plazan. Hori horrela, jostailuen eta liburuen bilketa egingo dute egun batzuk lehenago. Lehen bilketa azaroaren 27an izango da, herriko ikastetxeetan, 16:00etatik 16:30era bitartean. Bigarren bilketa, aldiz, abenduaren 11n egingo dute, 17:00etatik 19:00etara, Herriko Plazan.

Jostailuek osorik egon behar dute eta egoera onean, norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Bilketa egunean etxetik eramandako jostailuak sailkatuko egingo dituzte arduradunek hiru koloreren arabera: horia, urdina eta gorria. Parte hartzaileek nahi izatera eramandako jostailu bakoitzagatik kolore bereko txartel bana jasoko dute azoka egunean trukean beste batzuk hartzeko. Gorri eta urdin sailkatutako lehen bi jostailuen truke kolore bereko bina txartel eskuratuko dituzte, eta gisa berean sailkatutako gainontzeko jostailuen truke kolore zuriko txartelak.

Liburuei dagokienez, euskarazkoak izan beharko dute, baita egoera onean eta osorik egon ere. Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira. Liburu bakoitzeko berde koloreko txartel bat emango dute azoka egunean erabiltzeko.

Truke egunean, koloretako txartelak azokak irauten duen ordutegi osoan trukatu ahalko dira, kolore zurikoak, berriz, 11:30etik aurrera. Modu horretan antolatzaileek ekidin nahi dute jostailuak ekarri dituen jendea ez gelditzea gustuko jostailurik gabe lehen orduan azokara azaldu ezin dutelako. Azoka egunean bertan etxetik eramandako jostailuak, azokan jarritakoekin ere trukatu ahal izango dira.

Aurten, umeen arropa ere bilduko dute

Iriki Begik taldearen ekimenez, aurten umeen arropa bildu eta trukatu dute. Hain zuzen ere, azokan 0-12 urteko umeen arropa jasoko dute soilik, hau da, 14 tailara arte. Jasoko dituzten arropa guztiak egoera onean egon beharko dute.

Bilketa egunetan etxetik ekarritako arropak sailkatu egingo dituzte lau koloretan: laranja, azpiko kamisetak eta bainujantziak; marroia, galtzak, kamisetak eta jertseak; arrosa, beroki zein oinetakoak; eta morea, mozorroak. Azoka amaitutakoan, inork eraman ez dituen materialak irabazi asmorik gabeko erakundeetara bideratuko dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide