San Martin jaien azken txanpan sartu dira Ortzaikan. Hain zuzen ere, asteburu honetan agurtuko dituzte auzoko festa kutunak. Atzo, lagun ugari elkartu ziren mus txapelketa jokatzeko, eta irabazlea Oier eta Igorrek osatutako bikote zarauztarra izan zen. Gauean, dantzan aritu ziren auzotarrak Indate DJaren erritmora.
Gaur arratsaldean, berriz, gaztaina janarekin ekin diote ospakizunari, eta jarraian, herri kirol erakustaldiak girotu du auzoa. Aizkoran, Julen Gabirondo eta Beñat Telleriaren arteko lehia ikusteko aukera izan da. Harri jasotzen, berriz, Joseba Ostolazaren eskolako harri jasotzaileek maila bikaina erakutsi dute. Iluntzean ere izango da zer ospaturik, Aros DJak izango baitu eguna biribiltzeko ardura.
Bihar, igandearekin, festak agurtuko dituzte Ortzaikan. Horretarako, bailariko bazkaria eta erromeria dotorea prestatu dituzte. Egunaren amaieran, berriz, su festa izango da.
Egitaraua
Gaur, larunbata.
- 23:30. Aros DJa.
Bihar, igandea.
- 14:00. Bailarako bazkaria.
- 18:00. Erromeria, Garixe, Arbeo eta Maltzetarekin.
- Ondoren, su festa.