Krispeta Ostegunetako emanaldia prestatu dute azaroaren 26rako Etxeluze gaztetxeko kideek. Santi Brouard. Euskal Herria osagai. Duintasuna omen dokumentala proiektatuko dute, eta azaldu dutenez, "haren oroimenak bizirik jarraitzeko" aukeratu dute lana. "Iaz, Josu Muguruzaren Zohardia eman genuen, azaroaren 20ko data gertu zela eta. Aurtengoan, Santi Brouarden inguruko filma emango dugu, Muguruza bezalaxe, azaroaren 20 batean hil zutelako", gaineratu dute.
Hain zuzen ere, GALek Santi Brouard politikari abertzalea hil zuen 1984ko azaroaren 20an, eta hilketaren 25. urteurrenaren harira sortu zuten dokumentala. Emanaldia 19:30ean izango da, eta sarrera doakoa izateaz gain, krispetak ere banatuko dizkiete bertaratzen direnei.