Igande hau, azaroaren 22a da Santa Zezilia eguna, musikarien egun handia, eta Salatxo abesbatzak, Danbolin musika eta dantza eskolak eta Orioko Txarangak aurten ere ospatu egingo dute beren zaindariaren eguna. Musika eskolakoak izango dira kalera ateratzen aurrenak, ostegun honetan emango baitute urteroko kontzertua.
Horren aurretik, 11:00etan, Eguneko Zentrora egingo dute bisita zenbait ikasle eta irakaslek han ekitaldi txiki bat eginez, egoiliarrak abestera animatzeko. Arratsaldean, berriz, kontzertua emango dute Herriko Plazan 18:00etan hasita trikitixa eta pandero taldeak, soka taldeak, bandak eta dantzako ikasle batzuek.
Hurrengo egunean, ostiralarekin, Orioko Txaranga izango da musika herrian zehar barreiatuko duena. Ibilbidea ez dute zehaztu oraindik, eguraldiaren arabera moldatu beharko baitute, baina asmoa dute 20:00etan abiatzea Kultur Etxetik, eta buelta egitea afalaurretik. Izan ere, txarangako kideek elkarrekin otordua eginez ospatu nahi dute egun handia.
Parrokian Salatxo eta Kantakidetza abesbatzen kontzertua
Salatxo abesbatzakoak ere ez dira etxean geldituko. Kantakidetza abesbatzarekin batera, Bariko San Nikolas parrokian emango dute kontzertua, larunbatean 19:30ean.
Kontzertuko obra printzipala Vivaldiren Gloria izango dela azaldu dute, eta Haendel-en Mesias laneko hainbat zati ere eskainiko dituzte. Kontzertua aberasteko organista eta tronpetistak egongo dira, baita oboea jotzen duen musikari bat ere. Gainera, solistak ere izango dira kontzertuaren parte batzuetan. Honakoak dira, zehazki, musikari horiek: sopranoa: Miren Anza; kontraltoa: Kristina Larrea; tronpeta: Alejandro Martinez; oboea: Bixen Gomez; organista: Arkaitz Mendoza; eta zuzendaria: Igor Arroyo.