Garaipen bikaina erdietsi dute Orioko Futbol Taldeko gizonezkoek asteburuan

Onintza Lete Arrieta

Orioko FTko gizonezkoak, artxiboko irudian. (Orioko FT)

Sailkapenean hirugarren postuan den Tolosaren kontra 2-0 nagusitu ziren larunbatean Mendibeltzen, Beñat Arrutiren eta Iker Peralen golei esker. Zortzigarren dira orain oriotarrak. Emakumezkoek ez zuten zorte bera izan, eta 1-2 galdu zuten atzo etxean Goierri Gorriren kontra. 

Emaitza gazi-gozoak lortu dituzte asteburuan Orioko Futbol Taldeko gizon-emakumeek. Batetik, hamargarren jardunaldia ezin hobeto amaitu da Ohorezko Erregional Mailako gizonezkoentzat. Izan ere, 2-0 hartu zuen mendean Tolosa indartsua larunbat arratsaldean etxean, Mendibeltzen. Sailkapenean hirugarren diren tolosarrei 1-0ekoa 29. minutuan egin zieten, Beñat Arrutiren golari esker, eta 2-0ekoa 46. minutuan iritsi zen, Iker Peralen golarekin. Sailkapenean zortzigarren da Orio FT, 13 punturekin. Atzetik talde mordoa dago 11 punturekin –Hondarribia, Zumaiako, Bergara eta Añorga– eta beraz, garrantzitsua izango da datorren astean ere emaitza ona eskuratzea. Ez du lan erraza izango, Anaitasunaren etxean jokatu beharko baitu. Azkoitiarrak sailkapenean bigarren dira momentu honetan, 22 punturekin. 

Bestetik, Ohorezko Erregional Mailako emakumeek, berriz, partida galdu egin zuten atzo arratsaldean Mendibeltzen, Goierri Gorri taldearen kontra. Oriotarrak jarri ziren markagailuan aurretik 23. minutuan,  Uxue Zubielkik egindako golari esker, baina bigarren zatian goierritarrek erreakzionatu egin zuten, eta bi gol sartu zituzten, partida irauliz: 63. minutuan iritsi zen berdinketa, eta 74. minutuan, 1-2koa. Sailkapenean bosgarren tokian mantendu da Orioko FT, eta puntu bakarrera ditu laugarren tokia, nahiz seigarrena. Hamargarren jardunaldia Antiguoko B taldearen etxean lehiatu beharko dute oriotarrek. Azken hirugarren daude donostiarrak sailkapenean, baina lanak ondo egin beharko dituzte oriotarrek hiru puntuekin itzultzeko. 

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide