Gipuzkoako atletismoaren harrobiak gozatzeko plaza bilakatu da beste urte batez Muntoko zelaia. Haizetea ez da oztopo izan Orioko Atletismo Taldeak antolatzen duen Kamel Ziani Krosaren zortzigarren edizioaz gozatzeko, eta dozenaka haurrek eta gaztetxok parte hartu dute lasterketan, benjamin mailatik hasi eta infantiletara arte.
Senideen eta lagunen animoek lagunduta, txikienek 600 metro egin dituzte korrika, eta zaharrenek, berriz, 2.000 metro, hala, adin tarte bakoitzera egokitutako lasterketa osatu dute parte hartzaileek. Infantil mailako neska-mutilak izan dira korrika egiten lehenak, 10:30etik aurrera, eta jarraian, alebin eta benjamin kategorietako korrikalariek hartu diete lekukoa.
Orioko Atletismo Taldeko kideez gain, Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorritako korrikalariak izan dira VIII. Kamel Ziani Krosean, besteak beste, Azkotiako eta Azpeitiko Xeye atletismo taldekoak, Realekoak eta Elgoibarko Mintxeta Atletismo Taldekoak.