"Herri bizi bat nahi dugu, eta hori posible da zuei esker"

Intza Trula

30. urteurreneko festa ospatu du gaur goizean Arkupe Orioko merkatarien eta ostalarien elkarteak, kalejira eta omenaldiarekin. Elkartearen parte diren merkatari zein ostalariak zoriondu ditu Olatz Santamaria alkateordeak, eta aurrera begirako erronketan "udala beti alboan" izango dutela gogorarazi die.

Arkupe Orioko merkatarien eta ostalarien elkarteak ospakizuna egin du gaur goizean. Elkarteak 30 urte bete dituela eta, kalejira eta omenaldia egin dituzte goiz partean herrian.

Eguraldiak ateri eutsi dio, eta horri esker, kalejira aurreikusita zuten moduan egin ahal izan dute; hau da, Kultur Etxetik hasi, herriari itzulia eman, eta Herriko Plazan amaitu dute desfilea. Erraldoiei, trikitilariei eta pandero jotzaileei, gainera, Zapotxin pailazoa batu zaie festara.

Herriko Plazara heltzean, Arkupek elkarteko hainbat merkatari gonbidatu ditu oholtzara, eta oroigarri bana jaso dute. Aitortza jaso duten establezimenduak izan dira Lizaso dekorazio denda, Orio optika, Goxoki kafetegia, Garmendia, Gabon taberna eta Uranga burdindegia.

Halaber, Olatz Santamaria alkateordeak ere izan ditu esker hitzak beraientzat: "Erraz esaten da, baina 30 urte asko dira. Merkataritza eta kontsumo ohiturak asko aldatu dira, eta, hala eta guztiz ere, zuek aurrera egiten jarraitzen duzue. Herri bizi bat nahi dugu, eta hori posible da zuei esker. Orio herri bizia da zuen lanari esker". Era berean, Santamariak gogorarazi die datozen erronketan "udala beti alboan" izango dutela, eta gaineratu du herritar guztien ardura dela "herri hau bizirik mantentzea".

Omenaldia amaitzeko, Eroski Bidaiak agentzian erabiltzeko 2 mila euroko bonu bat zozkatu du Arkupek. 4410 zenbakia izan da irabazlea, eta 4122 haren ordezkoa. Elkarteak ohartarazi du irabazleak astebete duela saria erreklamatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide