Amaitu dituzte Anibarko Portuko bidegorriaren lehen faseko lanak

Intza Trula

Gaztetxea eta Ortzaika lotzen dituen bidegorriaren zati berria. (Orioko Udala)

Gaztetxe ingurua Ortzaikarekin lotzen duen bidegorri zati berria prest dago jada. Lanek 212.748 euroko kostua izan dute, eta hori finantzatzeko 100.000 euroko diru laguntza jaso du udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentutik.

Hainbat hilabeteren ostean, amaitu dituzte Gaztetxe ingurua Ortzaikako bidegorriarekin lotzeko lanak. Orioko Udalak irailean abiatu zituen obra horiek, herriko bidegorri-sarea osatzeko plangintzaren barruan, hain justu ere.

Udalak jakitera eman duenez, lanek 212.748 euroko kostua izan dute, eta hori ordaintzeko 100.000 euroko diru laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentutik. Lanak Eregi SL enpresak egin ditu

Erakundeak azpimarratu du bidegorri berriaren helburu nagusietako bat "oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza egokia eta segurua bermatzea" dela. Izan ere, haren esanetan inguruak "ezaugarri aproposak" ditu bizikletaz zein oinez ibiltzeko, eremu laua baita eta Oria ibaiaren ertzetik baitoa. 

Herriko bidegorri-sarea osatzeko prozesu honetan, etorkizuneko asmoak ere azaldu ditu erakundeak: "Anibarko Portua eta herrigunea lotzeko hurrengo lanak Dike eta Arozena eremuan izango dira. Eremu horiek garatzen direnean, bidegorriaren hurrengo zatia ere egitea aurreikusten dugu".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide