San Martin jaien barruan, auzotarren arteko herri kirol desafioa jokatu zuten atzo iluntzean Ortzaikan. Lehia estu-estua izan zen talde urdinaren eta beltzaren artean, eta txapelketa bera talde urdinak irabazi bazuen ere, beltza nagusitu zen errebantxan.
Erreleboka jokatu zuten proba: harri jasotzen, ergometroan, txingekin, korrika eta iltzeak mailuaren laguntzarekin egur oholean sartzen jardun zuten parte hartzaileek. Zirkuitu osoari lau buelta eman behar izan zizkion talde bakoitzak, eta horiek osatzen azkarrena talde urdina izan zen. Ordea, behin desafioa amaituta, talde beltzak errebantxa eskatu zion irabazleari, eta sokatiran egin zuten azken proba. Talde beltzak irabazi zuen bertan.
San Martin jaiek gaur eta bihar izango dute jarraipena Ortzaika auzoan, eta datorren asteburuan ere izango da festarako aukera. Hain justu ere, hau da datozen egunetarako egitaraua:
Gaur, larunbata
- 05:30. Baratzuri zopa.
- 06:00. Oilasko biltzea.
- 21:00. Afaria, 20 minutu orkestrarekin. Txartelak Kutixin eta Olidenen izango dira salgai, 30 euroan, azaroaren 11a arte.
- 00:30. Niko DJa.
Bihar, igandea
- 16:30. Jolasak Txurrumuskiren eskutik.
- Ondoren, txokolate jana.
- 18:00. Erromeria, Jagoba eta Maddalenekin.
Azaroak 20, ostirala
- 22:30. Mus txapelketa. Izen ematea 22:00etan egin beharko da.
- 23:30. Indate DJa.
Azaroak 21, larunbata
- 18:00. Gaztain jana.
- 18:30. Herri kirolak.
- Aizkoran: Julen Gabirondo eta Beñat Tellerria.
- Harria jasotzen: Joseba Ostolaza eskolako kideak.
- 23:30. Aros gaua.
Azaroak 22, igandea
- 14:00. Bailarako bazkaria.
- 18:00. Erromeria, Garixe, Arbeo eta Maltzetarekin.
- Ondoren, su festa.