Euskadiko Angulero Elkarteak Eusko Jaurlaritza kritikatu du angula kanpaina bertan behera uzteagatik

Julene Sorarrain

Aingira europarra, artxiboko irudian. (utzitakoa)

Elkarteak salatu du ez dela 2026-2027ko kanpainarako eskaerak aurkezteko epea ireki, ez dela berariazko txosten zientifikorik egin eta sektoreari ez zaiola informaziorik eman. Horren aurrean, Arrantza Sailarekiko lankidetza oro etetea erabaki du.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2026-2027ko angula arrantzaren kanpaina bertan behera uztea erabaki du, Europako aingiraren "egoera kritikoa eta espeziearen hilkortasuna murrizteko nazioarteko gomendio zientifikoak" kontuan hartuta. Erabakia Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES) gomendioetan oinarritzen dela nabarmendu du Jaurlaritzak.

Erakunde horren arabera, Europako aingiraren egoera "kritikoa" da, eta erreklutamendua, hau da, ibaietara eta estuarioetara iristen diren angulen kopurua, "erreferentzia mailatik behera" dagoela azaldu du. Erreferentzia maila hori 1960tik 1979ra bitartean erregistratutako batez besteko erreklutamenduari dagokio, hain justu. EAEn, ibaietara iristen zen angula kopurua %12,1ekoa zen 2025ean, eta 2026an %6,4raino jaitsi da. Horregatik, ICESek "zero harrapaketa" gomendatzen du espeziearen habitat eta bizi fase guztietan, angula barne.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, txosten horiek "agerian uzten dute Europako aingiraren populazioa Europar Batasunak ezarritako berreskuratze helburuetatik oso urrun dagoela oraindik", azken urteotan kudeaketa eta kontserbazio neurriak hartu diren arren. Testuinguru horretan, Jaurlaritzak "beharrezkotzat" jotzen du espeziea babesteko neurriak mantentzea, zuhurtzia printzipioarekin eta Euskadiko Europako Aingiraren Kudeaketa Planaren helburuekin bat etorriz.

Euskadiko Angulero Elkartearen erantzuna

Euskadiko Angulero Elkarteak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia. Elkartearen arabera, Jaurlaritzak posta elektronikoz jakinarazi du erabakia, 77/2024 Dekretuan jasotako prozedura bete gabe. Izan ere, dekretu horren 4. artikuluaren arabera, ekainaren 1etik 30era ireki behar zen kanpainan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea, baina ez da halakorik egin.

Gainera, elkarteak salatu du sektoreko profesionalei ez zaiela kanpainari buruzko informaziorik eman. Anguleroen iritziz, ez da erabaki tekniko bat, "prozedurari bizkarra emanda hartutako erabaki politikoa" baizik. Gogorarazi dute Arartekoak 2025eko ekainean egindako gomendioaren arabera, beharrezkoa dela "neurri arautzaileak irizpen tekniko eta zientifikoetan oinarritzea eta sektorearen benetako parte hartzea bermatzea".

Elkartearen esanetan, urtebete igaro den arren, ez dago txostenik, ezta sektorearen parte hartzerik ere. "Posta elektroniko bat eta laguntzak emateko aukera aztertuko dutela dioen aipamen bat baino ez dago", salatu dute.

Datu zientifikoen eguneraketa falta

Euskadiko Angulero Elkarteak zalantzan jarri du ICESen gomendioak kanpaina bertan behera uzteko nahikoa oinarri direnik. Elkartearen arabera, ICESen txostena "aingira europarraren populazioaren egoerari buruzko azterketa orokorra" da, eta ez du zehazki aztertzen angula arrantzak Oria ibaian edo EAEn duen eragina. Hori dela eta, Arartekoak 2025ean egindako ohartarazpena ekarri dute gogora: "administrazioak erabilitako txostenak ez ziren araudi erabakia justifikatzeko berariaz eginak".

Elkarteak salatu du Jaurlaritzak oraindik ez duela aurkeztu gomendio horretan eskatutako berariazko txostenik. Haren ustez, "nazioarteko txosten orokor batek ez du ordezkatzen administrazio erabaki bat datu propio eta eguneratuekin arrazoitzeko betebeharra".

Elkarteak AZTI ikerketa zentroaren datuak ere jarri ditu auzitan. Azaldu duenez, espedientean dagoen erakunde horren 2025eko txostenak berak aitortzen du "biomasaren estimazioak ez direla 2018tik eguneratu eta ordutik aurrerako kalkuluak joeren arabera estrapolatu" direla. Horrenbestez, "angula arrantzaren kanpaina osoa bertan behera uzteko erabakia duela zortzi urteko populazio datuetan" oinarritzen dela kritikatu du.

Halaber, Jaurlaritzari leporatu dio ICESen txosten berria aipatzea, "baina 2019tik eguneratu ez den stockaren ebaluazio nazionalik ez izatea behar bezala ez azaltzea".

Arrantza Sailarekiko lankidetza oro eten dute

Elkarteak salatu du laginketak, angulen populazioaren jarraipena egiteko tresna zientifikoak, "AZTIren interesen mesedetan" erabili direla. Anguleroen iritziz, laginketek ez dute balio izan datu zientifikoak eguneratzeko, eta "dagoeneko hartutako erabakia justifikatzeko" erabili dira. 

Elkarteak, halaber, kritikatu egin du Jaurlaritzak "arrantzaren aldi baterako geldialdiagatik laguntzak emateko aukera" aztertuko duela esatea. Haren ustez, "aukera aztertzea" ez da konpromiso bat, eta sektoreak ez du hitzematik behar, "laguntzen zenbatekoak, epeak eta baldintzak zehaztea" baizik. 

Horregatik, Ixone Soroa Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren jarduna ere kritikatu dute. Elkartearen esanetan, zuzendariak bere gain hartu behar du "dagokion dekretua betearazteko, sektoreari informazio egokia emateko eta erakundeen aurrean bere jardunaren erantzukizuna hartzeko ardura". 

Egoera horren aurrean, Arrantza Sailarekiko lankidetza oro etetea erabaki du elkarteak. Hala, ez du laginketetan parte hartuko, ez du daturik lagako eta ez du erakundeekin elkarrizketarik izango, "prozedurarekiko eta sektorearekiko errespetua berrezarri arte". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide