Ohorezko Besarkada saria jasoko du Iñake Irastorza oriotarrak datorren astelehenean EAB Euskal Aktoreen Batasunaren eskutik. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egingo dute gala, eta elkarteak antzerkiaren, zinemaren eta fikziozko serieetan azken urtean eginiko lanak nabarmenduko ditu. Hori horrela, Irastorzaren aktore ibilbidea eta "lanbidearen alde egindako borroka" aitortuko ditu EABk.
Oriotarrak aspaldi ekin zion bere aktore ibilbideari. Orain konpainiarekin eman zituen lehen pausoak antzerkiaren munduan, eta urte guzti hauetan, talde desberdin askorekin egin du lan Irastorzak, esaterako, Vaiven, Ados Teatroa, Hika eta Txalorekin. Zinemari dagokionez, Asier Altunaren eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! film ospetsuan egin du lan, baita Montxo Armendarizen Obaba lanean ere. Halaber, Kutsidazu bidea Ixabel, 80 egunean eta Gaua filmetan aritu da, eta telebistan ere hainbat pertsonaia izan ditu.