ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, greba orokorrera deitu zuten gaurko, hilak 11, etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko eta langileen pobretzeari aurre egiteko. Bada, goizeko lehen orduetan, nabaria izaten ari da erantzuna Orion, herrigunean. Salbuespenen bat kenduta, saltoki txiki guztiak daude itxita –harategi, arrandegi, denda, Eroski, farmaziak eta estankoa– baita ia kafetegi guztiak ere. Eroski handia, berriz, zabalik dago. Ubegun industrialdean ere, lanean ari dira lantegi batzuk.
Horiez gain, aurrez esana zuten gaurko grebarekin bat egingo zutela Orio Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako langileek, baita udal zerbitzuetako langileek ere. Hala, gutxieneko zerbitzua dago bi ikastetxeetan, eta itxita daude udaletxea, Kultur Etxea, liburutegia, musika eskola eta Turismo Bulegoa. Karela kiroldegia eta Saregile emakumeen etxea ere itxita egongo dira.
Aian ere, Lardizabal Herri Eskolak deialdiarekin bat egin du, eta udal bulegoetan, erregistro zerbitzua bakarrik eskainiko dute.
Bestalde, greba orokorrak Euskotrenen zerbitzuetan ere eragina izango du, esaterako, trenbidean eta Lurraldebusentzat dituen autobus zerbitzuetan, eta jakitera eman duenez, %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu. Martxan egongo diren zerbitzuen aurreikuspena egin dute, eta hemen kontsulta daitezke ordutegiak.
Deialdiak
Eguerdi partean hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, eta horietara joateko dei egin diete herritarrei; Donostiakoa 12:30ean hasiko da Pio XII plazatik. Arratsaldean, berriz, eskualdea bera bihurtuko da aldarrien plaza. Manifestazioak egingo dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, denetan ere 18:00etan plazatik hasita.