Arkupe Orioko merkatarien eta ostalarien elkarteak 30. urteurrena ospatuko du aurten, eta ospakizun horren bueltan, festa antolatu du larunbat honetarako.
Egitarauari ekiteko, erraldoiak kalejiran aterako dira Kultur Etxetik, 11:00etan, eta ibilbidea egingo dute Herriko Plazara iritsi arte. Ondoren, Zapotxin pailazoak emanaldia eskainiko du haur eta gaztetxoentzat, eta ondoren, trikiti doinuek alaituko dute plaza. Halaber, larunbateko ekitaldia Arkuperen parte izan diren elkarte eta pertsona guztiak omentzeko baliatuko dute.
Gainera, urteurrena aitzakiatzat hartuta, zozketa berezia ere antolatu du Arkupek. Hain justu, ostiralera bitartean herriko saltokietan egindako erosketekin zenbakidun boletoak jasoko dituzte herritarrek, eta irabazleak Halcon Bidaiak-en 2.000 euroko bidaia bat irabaziko du.