Orio Eragineko seniorrek Euskadiko Txapelketako bosgarren jardunaldia jokatu zuten larunbat arratsaldean Donostian, Loiolan, eta goitik behera nagusitu ziren Saiko Mon taldearen kontra, 15-42 markagailuarekin amaitu baitzuen norgehiagoka Zipri Orio taldeak.
Klubaren esanetan, partida "oso konpletoa" izan zen alderdi guztietatik begiratuta. "Hasieratik defentsako lan on batek korrika egiteko aukera eman zigun, eta azkar lortu genuen abantaila", azaldu dute. Erasoan ere fin ibili zirela esan dute, eta atzera egitean taldeak eginiko lana ere nabarmendu dute, "halako abantaila eduki arren kontzentrazioa eta gosea erakusten duelako" jarrera horrek.
Orain arteko partidetan ere "minutu oso onak" eduki arren, esan dute ez zutela maila mantentzea lortzen 60 minutuetan. Oraingoan, hori ere lortu dute: "Asteburu honetan horren bila joan gara eta pozik gaude lortu dugulako. Gainera, ez da erraza markagailuan diferentzia handia dagoenean konstantzia hori mantentzea".
Sailkapenean azkena da Saiko Mon, punturik gabe.
Sailkapenean hirugarren
Sailkapen nagusian bikain kokatuta dago Zipri Orio, hirugarren baita, zortzi punturekin. Sidenor Basauri da liderra hamar punturekin, eta bigarrenak ere puntu kopuru bera ditu, Urdanetak. Atzetik, Ereintza Bitek da laugarren, zazpi punturekin, eta bat gutxiago du Zuazok, bosgarren tokian.
Seigarren jardunaldia Mikel Inmobiliaria Elgoibarren aurka jokatuko dute Eragineko neskek, etxean. Elgoibartarrak zortzigarren dira sailkapenean.