Ohorezko Erregional Mailako gizonek atzo eguerdian jokatu zuten bederatzigarren jardunaldiko partida, eta 2-0 galdu zuten Oiartzunen aurka haien etxean, Karla Lekuona futbol zelaian, 41. eta 85. minutuetan jasotako golen erruz. Ondorioz, sailkapenean hamargarren postura jaitsi da Orioko FT. Zumaia eta Hondarribia ditu goitik, puntu bakarrera, eta behetik, berarekin berdinduta daude Bergara eta Añorga. Hamargarren jardunaldian hiru puntuak etxeratzea garrantzitsua izango da, beraz, oriotarrentzat. Ez da partida erraza izango, hala ere; etxean jokatu arren, sailkapeneko bigarren taldea izango dute aurrean,Tolosa.
Emakumeen taldeak zelai berean jokatu zuen atzo zortzigarren jardunaldiko partida Oiartzun B taldearen kontra, arratsaldeko lehen orduan, eta bestelako emaitzarekin bueltatu ziren Oriora. Izan ere, berehala jarri zen markagailuan 0-1 aurretik Orioko FT, Uxue Zubielki jokalariak zazpigarren minutuan sartutako golari esker. 44. minutuan etorri zen oriotarren bigarren gola Maddi Lopezen eskutik, eta bigarren zatiaren hasieran, 52. minutuan, etxekoek 1-2koa egitea lortu zuten arren, partidaren hondarrean oriotarren hirugarren gola eta bere bigarrena sartu zuen Lopezek, 89. minutuan.
Garaipenari esker sailkapenean gora begira jarraitzen du Oriok, laugarren baita 16 punturekin. Hemeretzina dituzte Elgoibarrek eta Tolosak, eta urrunago dago liderra, Intxaurdi, 22 punturekin. Goierri Gorri taldearen kontra lehiatuko da datorren asteburuan. Seigarrenak dira horiek sailkapenean, 12 punturekin.