Joan zen irailaren 24az geroztik Orioko kanpo portuan hondoratuta dagoen Gure Gaskuña arraste ontziak isurketak izan dituela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian hainbat herritarrek. Orioko barran elkartu dira Orioko Surf Taldeak deituta, eta hain zuzen, salatu dute surflariak "gasolio kirats eta orban" artean ibili behar izan dutela azken egunetan, itsasora bainatzera joandakoek eta urazpiko arrantzaleek egin duten bezala.
Eusko Jaurlaritzak atzo bertan amaitu zituen 18.900 litro gasolio ateratzeko lanak, eta orain, ontzia handik ateratzeko plana aztertzen ari da. Elkarretaratzearen deitzaileek, dena den, salatu dute erakundeak ez duela "ezer esan" gertatu diren isurketei buruz. "Ez dakigu zenbat denbora gehiago egingo duen hor itsasontziak. Ez dakigu isurketa gehiago gertatuko diren hurrengo egunetan", adierazi dute Orioko barran elkartu diren herritarrek, eta horren aurrean, egoera ezin dela "ez onartu, ez luzatu" salatu dute.
Deitzaileek "argi" dute afera "hobeto eta azkarrago" kudea zitekeela, baina errudunak bilatu baino, "ardurak" eskatu dizkiete arazoari konponbidea eman behar diotenei. Beraz, Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaie, eta "beren eskuetan dagoen guztia" egin dezatela eskatu diete arduradunei, arazoa "lehenbailehen" konpon dezaten.