Aroa Iraeta, Brisbane 2032 proiektuaren bigarren faserako hautatua

Onintza Lete Arrieta

Artxiboko irudi batean, ezkerretik bigarrena da Aroa Iraeta Portularrume. (OAE)

Espainiako Arraunketa Federazioak atera berri du hautatuen zerrenda, eta bertan da Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari gaztea. Kirol Garapen Plan Nazionalean integratutako talentua identifikatzeko eta jarraitzeko programa da Brisbane 2032, eta 60 gazte daude, tartean Euskal Herriko lau arraun klubetako sei gazte. 

Aroa Iraeta Portularrume Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) arraunlari gaztea hautatu dute Brisbane 2032 proiektuaren bigarren fasean ere parte hartzeko. Espainiako Arraunketa Federazioak atera berri du hautatuen zerrenda, eta bertan da Iraeta, beste 59 gazterekin batera.

Kirol Garapen Plan Nazionalean integratutako talentua identifikatzeko eta jarraitzeko programa da Brisbane 2032, eta bigarren fase honetan 31 klubetako 60 kirolari daude, tartean Euskal Herriko lau arraun klubetako sei gazte: Hondarribia, Santiagotarrak, Itsasoko Ama eta OAE. 

Fase berri honek aurreko denboraldian hasitako lana du oinarri, eta proiektuaren sarbide irizpideak zabaltzen dituela adierazi dute, neurketa antropometrikoez gain, uretan eta arraun-ergometroan egindako errendimendu ebaluazioak sartzen dituelako. Helburua, arraunean etorkizun oparoa duten kirolari gazteak identifikatzea, laguntzea eta garatzea da.

Taldeak estatuko klubetako ordezkariak ditu eta datozen kirol zikloetarako Espainiako Arraunketa Federazioaren jarraipen programaren parte izango diren arraunlariak biltzen ditu. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide