Dena prest dute aurtengo San Silbestre lasterketarako

Onintza Lete Arrieta

Hainbat lagun korrika San Silbestre lasterketa batean. (Guka)

Andra Mari guneko obrak direla eta, lasterketa aurten Herriko Plazan hasiko da, eta bertan izango du helmuga ere. Orioko atletismo taldeak jakinarazi du izena emateko epea zabalik dagoela. 

Orioko atletismo taldeak dena prest du urteko azken hitzordurako: San Silbestre lasterketa abenduaren 31ko goizean ospatuko da aurten ere, eta aldaketa bakarra izango du, hasiera nahiz helmuga Herriko Plazan jarriko baitituzte aurten, Andra Mari gunea obretan dagoelako. 

Ohi bezala, lasterketa hainbat kategoriatan banatuta egingo dute herriko txikienek, denek Herriko Plazan, edo handik abiatuta: 11:00etan hasiko dira HH 5. mailatik beherakoak (150 metro); 11:10ean, LH 1 eta LH 2ko haurren proba izango da (300 metro); 11:20an, LH 3 eta LH 4ko gaztetxoena (600 metro); eta 11:30ean LH 5, LH 6, DBH 1 eta DBH 2ko gaztetxoena. Ibilbideari buelta txikia emango diote horiek. 

Helduen proba, azkenik, 12:00etan izango da. Buelta txikia egingo dute aurrena, eta ondoren, buelta handia. 

Izen-ematea eta dortsalak

Izena emateko epea zabalik dago jada Kronoak.com webgunean, haurrek doan eta helduek 10 euroan, eta egunean bertan ere apuntatzea egongo da, baina helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte. 

Dortsalak, ohi bezala, bezperan nahiz egunean bertan hartu ahalko dira:  abenduaren 30ean 18:00etatik 20:00etara banatuko dituzte Herriko Plazan, eta hilaren 31n, toki berean, 09:00etatik 10:30era jaso ahalko dira. 

Antolatzaileek jakinarazi dute 14 eta 16 urte arteko gaztetxoek gurasoen baimena beharko dutela lasterketa egin ahal izateko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide