Orioko Udalak urte hasieran iragarri zuen herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu zuela, Goienerrekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntzarekin. Apirilean itxi zen egitasmoan izena emateko epea, eta guztira 200 herritarrek baino gehiagok aurkeztu zuten orduan eskaera. Ondoren, Goienerrek banan-banan aztertu ditu izena eman duten herritarren elektrizitate kontsumoak. Eskatzaile bakoitzari dagokion energia paketea eta ordaindu beharko lukeen harpidetza kuota kalkulatu ditu, baita urtean elektrizitate fakturan izan lezakeen aurrezpenaren estimazioa ere.
Herritar bakoitzak bere azterketa jaso eta baloratu ondoren, komunitate energetikoko partaide izan nahi duen edo ez erabakitzeko unea da orain. Lehen izen-ematea egin zuten herritarrek, beren elektrizitate kontsumoaren azterketa pertsonalizatua jasotzeaz gain, behin betiko izena emateko jarraitu beharreko urratsen berri jasoa dute Goienerren eskutik, eta ostiral honetara arte izango dute izen-ematea behin betiko egiteko aukera.
Eskaera berriak
Lehen izen-ematean parte hartu ez zuten herritarrek ere aukera dute orain eskaera egiteko, horiek ere ostiralera arte. Eskaera horiek itxaron zerrenda batean jasoko dira, eta urtero aztertuko dituzte, komunitatean sortzen diren alta eta bajen arabera.
Dena den, behin betiko izena ematen duten herritarren kopuruaren arabera, baliteke eskaera berrietako batzuk hasieratik onartzeko aukera egotea.
Eskaera berriak online –esteka honetan– nahiz aurrez aurre egin daitezke, udaletxean.
Udala ere parte
Orioko Udala ere Orioko komunitate energetikoaren parte izango da, eta osteguneko udalbatzarrean, estatutuak onartu zituzten aho batez udal hautetsiek.