Abenduaren 5etik 8ra ospatuko diren San Nikolas festak antolatzeko azken bilera egingo du herriko jai batzordeak bihar, asteazkenarekin, 19:00etan, Kultur Etxean.
Urriaren 7an eta 21ean egindako bileretan, festen programazioaren oinarriak landu eta egitarauaren ikuspegi orokorraren lanketa egin zuten, herriko eragileen eta herritarren proposamenak kontuan hartuta. Halaber, urriaren 28an, Gazte Eguna antolatzeko bilera ere egin zen herriko gazteekin.
Azken bileran, berriz, aurreko saioetan egindako lanketatik abiatuta, festen egitaraua behin betiko ixtea izango dute helburu. Horretarako, jarduerak, artistak, ordutegiak eta guneak zehaztuko dituzte, baita behar teknikoak landu eta eragileen arteko koordinazioa bideratu ere, festen antolaketa behar bezala lotuta uzteko.
Orioko Udalak herriko eragileei, elkarteei eta herritarrei dei egiten die jai batzordearen azken bileran parte har dezaten, "guztion ekarpenekin osatu nahi baita aurtengo San Nikolas festen egitaraua".