Larunbat arratsaldean jokatu zituzten Mendibeltz futbol zelaian Orioko Futbol Taldeko bi talde nagusiek asteburu honetako norgehiagokak. Emakumeen partidan gol festa izan zen, hamar tanto ikusteko aukera izan baitzuten zaleek: sei egin zituen Orioko FTk, eta lau, Urolak. Etxeko taldea galtzen hasi zen, zortzigarren minutuan aurreratu baitzen Urola. Bana berdindu zuen Daniela Bernedok 24. minutuan, eta aurretik jarri ziren 28. minutuan, Maddi Lopezen gol bati esker. Bina gol egin zituzten bi jokalari horiek. Beste bi golak, berriz, Leire Cabezuelok (67. minutuan) eta Jugatx Adurizek (87.minutuan) egin zituzten.
Hurrengo asteburuan Oiartzunen etxean jokatuko dute oriotarrek ligako zortzigarren jardunaldia, eta ea emaitza onei eusteko gai izaten diren. Sailkapen nagusian bosgarren da Orioko FT, eta 11. postuan dago kokatuta Oiartzun.
Banako berdinketa azken unean
Gizonezkoek larunbatean jokatu zuten zortzigarren jardunaldia, horiek ere Mendibeltzen, eta bana berdindu zuten Mondragonen kontra. Orio jarri zen markagailuan aurretik: Harri Bruñok sartu zuen gola 31. minutuan. Azkenera arte irabazten joan ziren, baina partidaren hondarrean gola egin zuen Mondragonek, 86.ean, eta oriotarrek ezin izan zuten partida berriz iraultzeko ezer egin.
Klubeko emakumeak bezala, gizonak ere Oiartzunen aurka lehiatuko dira datorren asteburuan, haien etxean. Sailkapenean bederatzigarren da Orioko FT, eta laugarren, Oiartzun. Partida gogorra izango dute, beraz, oriotarrek.