'Jorge Oteiza, Montevideoko memoriak 1961' hitzaldia eskainiko dute bihar

Onintza Lete Arrieta

Jorge Oteiza. (Jorge Oteiza Fundazio Museoa)

Udazkeneko programazioaren barruan antolatu du hitzaldia Orioko Udalak. Xabier Erkiziak eskainiko du solasaldia, Salatxo aretoan.

Xabier Erkizia musikari, ekoizle eta kazetariak Jorge Oteiza, Montevideoko memoriak 1961 izeneko hitzaldia eskainiko du bihar arratsaldean Salatxo aretoan, 18:00etan.

Udazkeneko programazioaren barruan antolatu du hitzaldia Orioko Udalak, eta azaldu duenez, Memoria de Montevideo (1961) da artista oriotarrak grabatuta utzi zuen konposizio musikal bakarra. "Lanak poema labur eta ustez osatu gabe bat jasotzen du, zinta magnetikoan grabatutako konposizio musikal sonoro gisa aurkeztua, edo, beste modu batera esanda, Musika Konkretako obra gisa".

Hitzaldian Erkiziak Oteizaren unibertso sonoroaren aztarnak mahai gainean jarriko ditu, eskultore euskaldunak soinuari buruz garatutako teorien eta jatorrizko dokumentuaren inguruan ikerketa sakona egin ondoren. "Ez dago halako beste ariketarik bere soinu-artxibo osoan, eta, horrenbestez, mugarri berezia da artistaren ibilbidean", esan dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide