Martin eta Xabier Etxeberria anaiek Eden soinu fikzioa itxuraldatu eta gaztetxoei zuzendutako hiruko eleberri sail baten bihurtu dute, Ekar argitaletxearen eskutik. EITB Podkast atarirako Ulu Mediak sortutako soinu-fikzio bat izan, eta egun Guau plataforman entzuteko aukera dago. Liburu saila egiteko orduan, etxeberriatarrak soinu fikzioko istorioetan oinarritu dira: “Aprobetxatu dugu nobelara ekartzeko ariketa hau, beharbada, soinu fikzioan sakondu ez genituen pertsonaiak eta gaiak gehiago lantzeko”.
Atzo, Eden. Igarabaren sekretua lehen liburua aurkezteko agerraldia egin zuten Donostiako Elkar dendan, eta Aintzine Mendizabal editoreak argi utzi nahi izan zuen thrillerra, misterioa eta abentura barnebiltzen dituen proiektua dela, baita zientzia-fikzioa eta erromantzea uztartzen dituena ere. Sail osoak nolabaiteko jarraikortasuna duen arren, liburu bakoitzak istorio jakin bat kontatzen duela. Liburua hainbat ataletan banatuta dago, eta atal bakoitzean pertsonaien ikuspuntu ezberdinak azaltzen dira. “Arin-arin irakurtzen dira eta narrazioaren tentsioari eusten diote”, gaineratu zuen editoreak.
Eden. Igarabaren sekretua lanari dagokionez, institutuko hiru ikasleek misterio bat deskubrituko dute, eta hari tiraka abentura ikaragarria biziko dute. Aipatu ikasleek fabrika abandonatu batean ezkutatuta dagoen norbait topatuko dute. Euren antza hartuko diote hasiera batean, baina aparteko bereizgarri bat izango du: igaraba bat bihur daiteke.
Martin Etxeberriak adierazi du egitura aldetik ariketa bat egin dutela kontaketak "erritmoa bizia" izan dezan, "irakurketa arina egiteko, baina era berean sakoneko gaiak landuta". Hala, abentura eta erromantzea oso presente dauden arren, gogoetarako bide ematen duten gaiak jorratzetzen ditu istorioak. Horietako bat eco sci-fi edo eko zientzia-fikzioa bezala katalogatu daitekeela adierazi zuen Xabier Etxeberriak: “Ekologiaren gaia agerikoa da liburuan. Zertan ari gara gure planetarekin eta planetak bueltan nola ordainaraziko digun, alegia”. Jorratu duten beste gaia dibertsitatearena da, genero aniztasunaren ikuspuntutik.
Laia Ruizek egin du azaleko ilustrazioak, soinu fikzioko irudigile berberak, eta liburuak QR kodea dago soinu fikzioa entzun ahal izateko. Bigarren liburua Eden. Sugearen pozoia izango da eta bukaeran, liburu horren lehen atala dago irakurgai aurrerapen gisa.