Orioko Futbol Taldeko emakume seniorrek Ohorezko Erregional Mailako seigarren jardunaldia jokatu dute asteburuan, eta gizonek, maila bereko zazpigarrena.
Gizonezkoak Lesakan lehiatu ziren larunbat arratsaldean, Beti Gazte taldearen etxean, eta 1-0 galdu zuten partida. Sailkapen nagusian 10. postuan daude, 9 punturekin, Zumaiarekin eta Añorgarekin berdinduta. Hurrengo astean etxean izango dute partida, Mondragon taldearen kontra. 13. postuan dago hori une honetan, 7 punturekin.
Emakumeen taldeak, berriz, bina berdindu zuen partida larunbatean Oreretako Touring taldearen kontra, haren etxean. Maddi Etxeberriak eta Uxue Zubielkik sartu zituzten oriotarren golak, partidua ia irauliz, 1-0 eta 2-0 galtzen joan baitziren 75. minutura arte. Puntu garrantzitsuarekin itzuli ziren, azkenean, etxera. Sailkapen nagusian 5. postuan daude oriotarrak, 10 punturekin, eta Urola hartuko dute datorren asteburuan, etxean. Talde hori 7. postuan dago, 8 punturekin.