Zabalik da 2026an nabarmendu diren herritarren hautagaitzak proposatzeko galdetegia

Onintza Lete Arrieta

Herri aitortza ekitaldi batean, dantzariaren agurra. (Mireia Galarza Bastida)

Hirugarren urtez jarraian, Orioko Udalak ekitaldi publiko bat egingo du urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei omen egiteko. Herri aitortza ekitaldia urte bukaeran izango da, baina horren aurretik, proposamenak jasotzeko epea zabaldu du azaroaren 15era arte.

Orioko Udalak herri aitortza ekitaldia egingo du aurten ere, urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei omen egiteko, eta proposamenak jasotzeko epea zabaldu du azaroaren 15era arte, baita galdetegia prestatu ere herritarrek hautagaiak proposa ditzaten.

Herri-aitortza jasoko duten oriotarren aukeraketa deialdi bidez arautuko da, eta esteka honetan ikus daitezke deialdi horren oinarriak.

Udalak azpimarratu du Orion jende asko dagoela herriari ekarpena egiten diona, bakoitzak bere eremutik: kultura, kirola, zientzia, gizartea… Batzuk oso agerikoak direla esan du, baina beste batzuk isilean pasatzen direla askotan. Horregatik, "guztien ekarria aitortu eta omentzea izango da ekitaldiaren xedea". Aurten nabarmendu diren eta omena merezi duten norbanakoak edo taldeak proposatu daitezke, hautagaiaren merezimenduak deskribatuta: haren ibilbidea, lorpenak, balioak… Merezimendu horiek ilustratzen dituzten dokumentuak ere aurkeztu ahal izango dituzte: prentsan argitaratutako testuak, argazkiak…

Herri aitortza egiteko ekitaldia urte bukaeran izango da, eta udalak aurrerago emango ditu data zehatzaren zehaztasunak. Ekitaldi xume bat izango dela aurreratu du eta, bertan, herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dutela omenduek.

Hautagai izateko baldintzak

Hautagai izateko, oriotarra edo Orion erroldatutakoa izan behar da; edo, bestela, herriko kultur edo kirol elkarteren batean ibilitakoa edo dabilena izan behar du. Ezingo dira hautagai izan lehendik omendutakoak edo hilik daudenak.

Behin hautagaiak aurkezteko epea pasatuta, mahai tekniko batek aztertuko ditu proposamenak eta, ondoren, epaimahaiak hartuko du azken erabakia eta aukeratuko ditu aurten omena jasoko duten oriotarrak. Epaimahaia zozketaz aukeratutako herriko lau elkarteren ordezkari banak eta udal teknikari batek osatuko dute.

Gehienez, bost norbanakok edo taldek jasoko dute aitortza. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide