Taldearen lehen diskotik hiru urte igaro ondoren, Ithaka bigarren estudioko lan luzearekin itzuliko da, Leku berri bat izenekoa. Atzo argitaratu zen lan berri horren lehen aurrerapen kantua, Beste behin. Plataforma digital guztietan dago kantua entzungai spotifyen ezik.
Taldearen diskografia osoaren antzera, Urtzi Iza soinu teknikariaren gidaritzapean, Eten Espazio Sonoroa estudioan grabatutako, nahastutako eta masterizatutako emaitza da Beste behin kantua. Diseinuei dagokionez, Maia Berastegi zarauztarraren artelana da kantuaren azala.
Kantuaren nondik norakoari dagokionez, artistek sormen prozesuan izan ditzaketen buruhausteen inguruan hitz egiten du. Taldekideen hitzetan, "une oro, helduleku pertsonalen bila eta esateko zerbait duten kontzeptuen atzetik
dabiltzanei" eskainitako kantua da hau. Taldekideek diote Sonic Youth, Fontaines D.C, Wolf Alice, Gailu eta Vulk bezalako taldeak izan direla inspirazio disko berria sortzerako orduan.
Azaroa erdialdean bigarren aurrerapen kantu bat aterako du taldeak, eta hilaren amaieran disko osoa. Guztira zortzi kantuk osatu dute lan berri hau, eta taldekideen hitzetan, azken lanak definitu dituen post-punk doinuetatik aldendu gabe, soinu helduago bat duen diskoa izango da Leku berri bat.