Prest dute urteko gaurik beldurgarrienerako egitaraua

Julene Sorarrain

Hau bat mozorrotuta, iazko Gau Beltzean. (Intza Trula)

Gau Beltza ospatuko da larunbatean herrian, eta antolatzaileek mozorro tailerra eta beldurrezko ibilaldia prestatu dituzte herriko gaztetxoenzat. Iaz bezala, dei egiten diete herritarrei egun horretan Gau Beltzaren tradizioari lotutako mozorroak jantzi ditzaten.

Orioko Udalak, Orioko Herri Ikastolak, Zaragueta Herri Eskolak eta Txurrumuski aisialdi taldeak antolatuta, Gau Beltza ospatuko da herrian larunbat honetan. Aurten, plazan ekingo zaio egitarauari, herriko ikastetxeek HH eta LHko ikasleentzako prestatutako arima eta zomorro tailerrarekin. 

Ondoren, 19:30ean, beldurrezko ibilbidean barrena ariko dira jolasean gaztetxoak. Txurrumuskik antolatu du ekintza eta LH3tik DBH2ra bitarteko ikasleentzat izango da. Ibilbidea talde txikietan egingo dute, plazatik abiatuta eta txandaka. Txandak plazan bertan antolatuko dituzte.  

Iaz bezala, antolatzaileek dei egiten diete herritarrei egun horretan Gau Beltzaren tradizioari lotutako mozorroak jantzi ditzaten, besteak beste, alkandora koadroduna edo zuria; baserritar jantziaren prakak edo gona; tela zuriarekin egindako aurpegiko estalkia edo aurpegia margotuta; eta lastozko txapela edo ilea nahasita.

Gau Beltzaren tradizioa

Egitarauaren berri ematerakin batera, udalak nabarmendu du Gau Beltza ez dela Ameriketako Estatu Batuetatik etorri den jai bat. "Euskal Herrian ere ospatzen zen lehen, beti urriaren 31n, Santu Guztien egunaren bezperan". Orion ere, egun horretan, kalabazak barrutik hustu eta kandelekin argitzen zirela gogoratu du Karmele Esnal andereño oriotarrak. Euskal Herrian, Gau Beltzaren tradizioa "galdu edo ahuldu" egin dela nabarmendu du udalak, baina, "gaur egun, toki askotan ari dira horren inguruko ohitura zaharrak berreskuratzen, ospakizuna indartzen eta berrasmatzen. Orion ere hori egin nahi dute Gau Beltzaren antolatzaileek".

Halaber, udalak azpimarratu du gaztetxoentzat "aukera ezin hobea" dela heriotzaren gaia mahai gainean jartzeko, "ikuspegi ludiko batekin: elkar beldurtzeko jolasak eginez, kalabazak eta arbiak hustu eta argiztatuz, edota mozorroak jantziz".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide