Orioko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana osatzeko prozesuaren barruan, herritarrei eta herriko eragileei irekitako bilera egin zuten ostegunean, udalbatzar aretoan. Saioaren helburua izan zen mugikortasunaren inguruko diagnostikoa osatzea eta etorkizuneko ekintza plana diseinatzen hastea. Bizikerreko Ander Irazustak gidatu zuen bilera.
Hasteko, planaren helburu nagusiak azaldu zituen: kutsadura eta energia kontsumoa murriztea, irisgarritasuna eta bide segurtasuna hobetzea, eta garraio publikoari, oinezkoen joan-etorriei eta bizikletari lehentasuna ematea. Halaber, mugikortasun planak aztertzen dituen alderdiak aurkeztu zituen Irazustak: herritarren mugikortasun ohiturak, urtaroen araberako aldaketak, garraiobideen erabilera eta horien eraginak, hala nola segurtasun arazoak eta zarata.
Orioko ezaugarriak, mugikortasunaren baldintzatzaile
Helburu horiek oinarri hartuta, Orion zer-nolako espazio publikoa eta mugikortasun eredua nahi diren zehaztea izan zen bileraren xedea. Irazustak aurkeztutako diagnostikoaren arabera, Orioko mugikortasuna herriaren eskalak eta kokapenak baldintzatzen dute. "Hirigune trinkoa eta kontzentratua du, Oriako itsasadarraren eta Kukuarriko hegalaren artean. Horrek ekipamenduak kontzentratzea eragiten du, eta, aldi berean, oinezkoen joan-etorriak errazten ditu", azaldu zuen.
Urtarokotasuna, bestalde, herriaren bereizgarri nagusietako bat dela nabarmendu zuen. Neguan, biztanleen ohiko mugikortasun ereduak egonkorragoak dira; udan, berriz, bisitari, surflari eta bainularien kopuruak gora egiten du. Ondorioz, aparkalekuek eta azpiegiturek ohikoa baino presio handiagoa jasaten dute udako hilabeteetan.
Orioko mugikortasun-joerei dagokienez, joan-etorrien izaera eskualdekoa dela azaldu zuen Irazustak. Herritik egiten diren joan-etorrien %78 eskualde barruan egiten dira, eta eskualdetik kanporako joan-etorrien erdia baino gehiago Donostialdera bideratzen da.
Herriguneko mugikortasunari erreparatuta, oinez ibiltzea da nagusi: herri barruko joan-etorrien %80 oinez egiten dira. Horretan lagungarri dira Oriok duen hiri-eskala eta zerbitzuen kokapena. Hala ere, zenbait ibilbidetan konektibitate arazoak daude, aldapak direla eta edo ibilbide jakin batzuetan oinezkoen joan-etorriak zailtzen direlako. Bizikleta, berriz, "potentzial handiko garraiobidetzat" jo dute, baina haren erabilera sustatzeko oztopoak ere identifikatu dituzte. Besteak beste, bizikleta-bideen jarraitutasun falta, bidegurutzeetako eta konexio puntuetako zailtasunak eta kanpo loturen gabezia aipatu zituzten.
Eskola mugikortasuna ere aztertu zuten bileran. "Ikasle gehienak modu aktiboan joaten dira eskolara, baina askok autoa ere erabiltzen dute, eta horrek trafiko gatazkak sortzen ditu zenbaitetan", nabarmendu zuen Irazustak. Hala ere, Eskola Bidea egitasmoa garatzeko oinarri positiboa dagoela nabarmendu zuten.
Garraio publikoaren estaldura, hobetzeko
Garraio publikoari dagokionez, Oriok "lurralde konexio ona baina estaldura mugatua" duela azaldu zuen Irazustak. Euskotren da trenbideko nodo nagusia, eta autobus lineek Donostiarekin, Zarautzekin, Aiarekin eta Usurbilekin lotzen dute Orio. Hala ere, herriguneko eremu handi batean geltokien estaldura eskasa dela identifikatu dute.
Autoaren erabilerari dagokionez, bide sarearen antolaketak herri barruan autoz ibiltzea errazten duela azaldu zuten. Gainera, joan-etorri laburretan autoaren gehiegizko erabilera antzeman dute. Bide sarean ere zenbait arazo identifikatu dituzte; besteak beste, Arrantzale kaleko eta Eusko Gudarien kaleko noranzko bakarreko antolaketak trafiko pilaketak eragin ditzake, eta Zarautz eta Bilbo aldera autobidean sartzeko aukerarik ez izatea ere aipatu zuten.
Aparkalekuen inguruko egoerak ere arreta piztu zuen. Herrian aparkaleku eskaintza zabala dago, batez ere iparraldean. Eremu periferikoetan aparkaleku eremuak daude, bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat; beste zenbait gunetan, berriz, aparkatzea araututa dago, TAO sistemaren edo gune urdinen bidez. Hirigunean aparkatzeko aukera gutxiago dago, eta Alde Zaharrean garajerik gabeko etxebizitzak ugari dira. TAO sistemaren barruan aparkatzeko gune bakarra egoteak, gainera, "auto bidezko barne mugikortasuna sustatu" dezakeela adierazi zuten.
Etorkizuneko erronkak, mahai gainean
Egindako diagnostikoan, Orioko mugikortasuna hobetzeko hainbat erronka nagusi identifikatu dituzte, besteak beste, udako turismoaren eta urtarokotasunaren eragina kudeatzea; espazio publikoa oinezkoen mesedetan berrantolatzea; bizikleta bideen sare jarraitu eta segurua osatzea; eskola inguruneetako trafikoa murriztea; garraio publikoa indartzea; joan-etorri laburretan autoaren erabilera gutxitzea; eta aparkalekuen kudeaketa hobetzea.
Aurkezpenaren ondoren, bilerara bertaratutako herritarrak taldetan banatu ziren. Garraiobideen arabera antolatuta, bakoitzaren alde onak eta txarrak zerrendatu zituzten, Orioko mugikortasunaren diagnostikoan sakontzeko eta etorkizuneko ekintza planerako proposamenak biltzeko.
Oinezkoen mugikortasunari dagokionez, herriaren orografia laua, igogailuen presentzia eta plazak zein parkeak bezalako espazio irekien eskaintza baloratu zituzten positiboki. Hala ere, zenbait gabezia ere identifikatu zituzten: zebrabide batzuen ikusgarritasun falta, Oa kaleko irisgarritasun-arazoak eta zubiak berak sortzen dituen zailtasunak.
Bizikletaren erabilerari buruzko taldean, berriz, aparkaleku kopuruaren igoera eta herriko iparraldea zein hegoaldea lotzen dituzten bidegorrien eskaintza nabarmendu zituzten alderdi positiboen artean. Hala ere, bizikletak modu seguruan eta estalpean uzteko leku gehiago behar direla adierazi zuten. Horrez gain, Goiko kalera igotzeko bidegorri baten falta aipatu zuten, baita kanpinaren sarrerara eta musika eskolara iristeko bizikleta azpiegiturak hobetzeko beharra ere.
Autoaren eta garraio publikoaren inguruan aritu zirenek, bestalde, txu-txu trenaren zerbitzua, A-8 autobidearekiko lotura eta auzoetara autoz iristeko erraztasuna jo zituzten alderdi positibotzat. Hala ere, herri barruko garraio publikoaren gabezia eta erdigunean aparkatzeko zailtasunak nabarmendu zituzten. Garraio publikoari dagokionez, gainera, zerbitzuen maiztasuna txikiegia dela adierazi zuten.

