Gaur, urriak 15, Haurdunaldiko, Jaiotza inguruko eta Jaioberritako Doluaren Nazioarteko Eguna da, eta Orioko Udalak bat egin du egun horren aldarrikapenarekin. Hain zuzen ere, egoera hori bizi duen herritar baten eskariz eta bizi izan duten guztiekin bat eginez, "elkartasuna adierazteko eta ikusgarritasuna sustatzeko" helburuz, bandera eskegi dute udaletxeko balkoian.
"Haurdunaldian, erditzean edo jaio eta gutxira haur bat galtzea esperientzia mingarria da familientzat, eta, askotan, isiltasunean eta behar besteko aitortzarik gabe bizi izaten den dolua da. Horregatik, egun honen helburua da errealitate hori ikusaraztea, dolua bizi duten familiei aitortza eta babesa adieraztea eta gizartean gaiaren inguruko kontzientziazioa sustatzea", azpimarratu du udalak.
Halaber, erakundeak "elkartasuna eta babesa" adierazi nahi dizkie egoera hori bizi izan duten edo bizitzen ari diren herritar eta familia guztiei, eta "konpromisoa" hartzen du datozen hilabeteetan gaia lantzeko eta datorren ikasturteari begira sentsibilizazio ekimenak aztertzeko.