Alba Carreterok, Pablo Lizardik eta Iker Idoatek kontzertua eskainiko dute igandean, San Martin elizan

Julene Sorarrain

Alba Carreterok iaz San Martin baselizan eskainitako kontzertua. (utzitakoa)

Hiru ko lore izenburupean, perkusioaren, gitarraren eta biolinaren soinuak batuko dituzte emanaldian, "hiru petalo izango balira bezala". Hain zuzen, "garai eta estilo ezberdinetako kantuak" interpretatuko dituzte igandean, eta sarrera doakoa izango da herritar guztientzat.

Orioko Udalaren udazkeneko programaren barruan, Hiru ko lore kontzertua eskainiko dute igandean, San Martin baselizan. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta Alba Carretero oriotarrak eta Pablo Lizardi eta Iker Idoate errioxarrek osatutako hirukoteak musika ekarriko du elizara.

Kontzertuaren izenburuari dagokionez, "hitz joko bat" dela azaldu du Carreterok. "Hiru instrumentu, hiru tinbrika ezberdin edo hiru kolore uztartzetik sortzen den hiruko lore bat, alegia". Hain zuzen ere, perkusioaren, gitarraren eta biolinaren soinuak batuko dituzte emanaldian, "hiru petalo izango balira bezala".

Gainera, "denetariko musika" jotzeko asmoa dutela azaldu du oriotarrak. "Spoilerrik egin gabe, eta munduari bira emanez, garai eta estilo ezberdinetako kantuak eta piezak interpretatuko ditugu. Batzuk gure instrumentuetarako bereziki idatzitakoak izango dira; besteak, berriz, guk geuk egindako moldaketak".

Aurreko urteetan antolatutako kontzertuen antzera, "zerbait berezia" eskaintzea izan da Carreteroren asmoa, "lagun eta familia artean gozatzeko". Hori horrela, kontzertuak ordubete inguruko iraupena izango du, eta herritar guztiak gonbidatuta daude emanaldira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide