Udaltzaingoak kalean utzita dauden bizikleten jarraipena egingo du, 10 eguneko epean erretiratzeko

Julene Sorarrain

Bizikleta bat, artxiboko irudian.

Udaltzainek ohar bat jarriko diete hiri altzarietan lotuta dauden edo bizikletentzako aparkalekuetan abandonatuta dauden bizikletei. Ondoren, herritarrek 10 eguneko epea izango dute bizikleta bertatik kentzeko edota lekuz aldatzeko. Epe horretan bizikleta ez bada mugitzen, udaltzainek erretiratu egingo dute eta biltegian jaso.

Orioko Udalak jakitera eman duenez, Udaltzaingoa herriko bizikletentzako aparkalekuetan eta hiri altzarietan lotuta dauden bizikleten kontrola egiten ari da egunotan. Izan ere, hainbat bizikleta denbora luzez egoten dira leku berean, mugitu gabe, eta horrek zaildu egiten du aparkalekuen erabilera egokia.

Herriko bankuetan, barandetan edota posteetan lotuta dauden bizikletak "oztopo bat" dira altzari horiek erabiltzeko eta oinezkoen zirkulaziorako. Horregatik, ibilgailu horiek jasotzeko ardura dute udaltzainek, eta zuzenean eramaten dituzte biltegira.

Udalak bizikleten erabilera sustatzeko neurriak hartu ditu azken urteetan, eta besteak beste, bizikletentzako aparkaleku gehiago jarri ditu herriko hainbat gunetan. Horietako batzuetan, dena den, abandonatutako bizikletak egoten dira maiz, eta ez dute ibilgailuen errotazioa edo mugimendua ahalbidetzen. Ondorioz, bizikleta egunerokoan erabiltzen duten herritarrek ez dute lekurik izaten berea aparkatzeko.

10 eguneko epea bizikleta erretiratzeko

Arazo horiei konponbide bat emateko, udaltzainek ohar bat jarriko diete hiri altzarietan lotuta dauden edo bizikletentzako aparkalekuetan abandonatuta dauden bizikletei. Hain zuzen ere, ohar horretan zehaztutako egunera arteko epea –10 egun– izango dute erabiltzaileek, bizikleta bertatik kentzeko edota lekuz aldatzeko. Epe horretan bizikleta ez bada mugitzen, udaltzainek erretiratu egingo dute eta biltegian jaso.

Ondoren, jabeek aukera izango dute Udaltzaingoaren bulegora joan eta bizikleta erreklamatzeko, baina ezinbestekoa izango da bizikletaren jabeak direla ziurtatzen duen agiriren bat erakustea. Hain zuzen, prozesu hori errazago egiteko aukera ematen du udalak martxan jarritako bizikleten erregistroak, eta herritarrak animatu nahi ditu beren bizikletak erregistratzera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide