"Tailer honetan galdu ezin dugun gure historiaren zati bat mantentzen da bizirik"

Julene Sorarrain

Antxon Mendizabal 'Mendi', Orion ireki berri duen tailerrean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Donostian 30 urte igaro ostean, Antxon Mendizabal Mendi eskultorea Oriora itzuli da, eta tailer berria ireki du herriaren erdigunean. Bertan, bere artelanak erakusteaz gain, euskal taila tradizionalaren inguruko ikastaroak emango ditu, belaunaldi berriei bere ezagutza transmititzeko eta tradizioa berarekin ez hiltzeko. Iraileko Aia-Orio Guka aldizkariko elkarrizketa da honakoa.

Donostian zuen lokala utzi eta Oriora itzuli da orain hilabete gutxi Antxon Mendizabal Mendi (Donostia, 1969), bere etxera. Eskultore oriotarrak tailer berria zabaldu du herriaren bihotzean, eta bere artelanak bertan ikusgai jartzeaz gain, belaunaldi zahar nahiz berriei ogibidearen transmisioa egiteko ikastaroak ere eskaintzen ditu. Euskal taila tradizionala da bere pasioa, eta oraindik tradizio horrekin jarraitzen duten artista gutxi batzuetakoa da. Ibilbide artistiko luzea du eskultoreak, ehunka pieza sortu baititu bere eskuekin azken hamarkadetan. Orain, jakintza hori guztia igorri nahi dio belaunaldi berri bati.

Orion aski ezaguna zara, baita herritik kanpo ere. Izan ere, urte luzez aritu zara egurrarekin artelanak sortzen. Nondik datorkizu jardunbide horrekiko lotura?

Betidanik artearen eta artisautzaren munduan aritu izan naiz, baina nire burua artisautzat hartzen dut batez ere. Artista baten lanak haren mundu pertsonala erakusten du; artisauak, berriz, herriko historia eta arima daramatza bere eskuekin egindako pieza bakoitzean. Euskal arte etnografikoa, argizaiola, euskal kutxak edota armarriak lantzen dituen azkenetakoa naiz, eta erantzukizun handia da hori. Horregatik, nire ilusio handiena ez da bakarrik lanak saltzea, gazteek lanbide honekiko interesa izatea eta ogibide hau nirekin ez galtzea baizik. Bokazioz egiten dut lan hau, eta, egia esan, txikitatik gustatu izan zait egurrarekin sortzea. Azken finean, bizitza osoa daramat lan honetan; 1988. urteaz geroztik, hain zuzen ere. Arotzeria titulua atera nuen gaztetan, eta handik gutxira, donostiar batek Eibarren [Gipuzkoa] egurrezko taila eta eskultura ikastaroak ematen zituela jakin nuen. Ostiral arratsaldeetan eskaintzen zituen ikastaroak, eta orduan hasi nintzen Eibarrera joaten. Han aurkitu nuen, hain justu, nire bokazioa.

Ikasketei dagokienez, arotza zara, baina ogibidez, artistatzat duzu zure burua.

Arotza naiz, bai, izan ere, egurra material bezala lantzea betidanik gustatu izan zait, baina ez ateak edota altzariak egitea, baizik eta artelanak sortzea. Eibarko estudioan bost bat urte igaro nituen ikasten, eta 1988. urtearen inguruan, 19 urte nituela, nire tailerra zabaldu nuen Donostian. Tailerra diodanean, nire artelanak sortzeko espazio bat esan nahi dut. Eta, horretarako, arotzeria ez ezik, marrazketa teknikoa ere ikasi behar izan nuen. Baina ez naiz akademietan trebatu; beti artisten tailerretara sartu naiz zuzenean. Horiek dira ikasteko espazio egokienak nire ustetan. Donostian hasi nintzen, soto batean. Gero, lokal berri bat hartu nuen eta ia 30 urte igaro nituen han. Hasieratik, maisua izan naiz. Lanbide honetatik bizitzeko, hiruzpalau lantxo uztartu behar dituzu: enkarguak jaso, ikastaroak eman eta lanak saldu artisautza azoketan. Erakusketak ere egin izan ditut.

Itsasoarekin lotutako irudiak, euskal kutxa baten gainean. 

Zergatik egurra, eta ez beste material bat?

Euskal Herrian ez ezik, Europako herrialdeetan ere betidanik izan da tradizioa egurra lantzea. Hemen, egurra funtsezko materiala izan zen, batez ere baserrietan. Hain zuzen ere, antzina, baserritarrek euren eskuekin egiten zituzten etxeko altzariak, arotz bati enkargatu beharrean. Gizakiak aspalditik izan du harreman zuzena egurrarekin. Baserrietan euskal kutxak izatea oso ohikoa zen, bertan gordetzen baitzuten abereentzako janaria, adibidez. Nire ustez, hortik dator egurra lantzeko ohitura. Izan ere, arreta jartzen badugu, etxe zahar gehienak egurrarekin eta harriarekin eginda daudela ikusiko dugu.

"Azken finean, edozein lan egiten duzunean, ez duzu zuretzako bakarrik gorde nahi; jendearekin partekatu nahi duzu"

Artelanak sortzerakoan, ba al duzu egur edo material gustukoenik?

Intxaurrondoa da gustuko dudan egur mota bat. Kontua da, egurrak dentsitate handia izan behar duela. Berdin da gaztainondoa ala gereziondoa izan, urte asko igaro eta egurra oso ona izango da. Gaztaina, haritza, intxaurra edota lizarra ere asko erabiltzen dira. Kanpotik, bestelako egur gorriak ere etortzen dira. Garai batean asko erabiltzen ziren; egun, gero eta gutxiago. Egurrak bizitza du, eta nire eskuetara 500 urte dituen haritz bat iristen bada, nik horrekin zerbait berezia egin behar dut. Tailatzeko ona, baina, aldi berean, gogorra izan daiteke. Baina gauza politak egin daitezke. Ezpela ere oso ona da tailatzeko, izan ere, dentsitate handia du. Xehetasun fin-finak egin ditzakezu harekin. Ebanoa ere oso ona da.

Arrantzale baten irudia, Mendik eskuz tailatuta.

Nola lantzen dute egurra beste herrialde eta kulturetan?

Europan, oro har, egurra lantzeko modua nahiko antzekoa dela esango nuke herrialde batetik bestera. Baina Afrikan, esaterako, oso ezagunak dira egurra lantzeagatik, baita Indian edota Thailandian ere. Telebistan ikusi izan ditut gai horren inguruko dokumentalak. Afrikarrek, adibidez, ebanoa lantzeko ohitura dute, baina horretarako erabiltzen dituzten tresnak ezberdinak dira. Batzuek mailua beharrean harriak erabiltzen dituzte, eta gubien kasuan, burdin pusketak. Emaitzak, dena den, izugarriak dira.

Zuk teknika tradizionalak mantendu al dituzu? Ala teknologia berriak uztartu dituzu zure egunerokoan?

Teknikoki tradizionala naizela esango nuke, bai. Gubiak erabiltzen ditut lanean egurra tailatzeko, eta egurra prestatzeko, arrabotak edota tresna mekanikoagoak erabil ditzaket. Gainontzeko guztia nire eskuekin egiten dut. Beti landu dut euskal taila tradizionala; nire obra, alde batetik, horregatik nabarmentzen da. Eta esan beharra dut metodo hau erabiltzen azkenetakoa naizela. Izan ere, hemen inguruan gutxi gara modu tradizionalean lan egiten jarraitzen dugunak. Pena da, noski, eta nire negozioari ez diot ikusten erreleborik. Nire aitonak arrantzaleak ziren, eta nire aitak fabrikan egiten zuen lan. Ez dakit zergatik, baina ni txikitatik erakarri nau margotzeak eta egurra lantzeak. Egurrarekin oso ondo moldatu naiz beti.

"Egurrak bizitza du, eta nire eskuetara 500 urte dituen haritz bat iristen bada, nik horrekin zerbait berezia egin behar dut"

Gogoan dituzu zure lehen lanak?

Egurrezko txapekin aritzen nintzen jolasean haurra nintzenean. Geroxeago, aurrena marrazkiak egin eta ondoren errealitatera eramaten nituen. Nire garaian ez zegoen teknologiarik, hortaz, denborapasak horrelakoak izaten ziren.

Zure obrari begiratuz gero, begi bistakoa da euskal kulturako ikurrak gustuko dituzula. Urteak igaro ahala, zure estiloari fidel jarraitu duzu ala eboluzio bat egon da?

Beti dago eboluzio bat, normala den bezala. Profesional gisa lanean hasi nintzenean, zerotik hasi nintzen, eta garatzen joan naiz hortik aurrera. Marrazketa teknikoa ikasi nuen, oinarri bat izateko eta nire proiektua hobeto garatu ahal izateko. Eibarko estudiora joaten hasi nintzenean, marrazketa ikasteko aukera izan nuen, euskal taila geometrikoa konpasarekin. Baina taila artistikoak marrazketa menperatzea eskatzen du. Ideia bat duzunean, hasieran paperean margotu behar duzu, eta ondoren, egurrera pasatu. Alde horretatik, hasieran mugatuta sentitu nintzen. Jose Luis Cobreros margolari eta eskultorea izan zen nire irakaslea, eta egunean hiru orduz aritzen nintzen margotzen; giza anatomia lantzen eta itzalak egiten ikasten. Ehunka koaderno ditut oraindik gordeta! Baina fase horretatik igarotzea ezinbestekoa da euskal taila tradizionaleko irudiak –arrantzaleak, ikurrak, animaliak– egiteko. Nire proiektu pertsonala agian figuratiboagoa izan daiteke, baina prozesua berbera da: ideia paperean margotu, zirriborro asko egin, eta ondoren, buruan dudan ideia egurrera eraman.

Antxon Mendizabal 'Mendi', Orion ireki berri duen tailerrean. 

Orio Arraunketa Elkarteari ere oroigarri bat oparitu zenion duela urte batzuk. Herriarekin harreman polita duzu, bai zuk, bai zure artelanek.

Azken finean, edozein lan egiten duzunean, ez duzu zuretzako bakarrik gorde nahi; jendearekin partekatu nahi duzu. Arraun klubari oparitu nion lana ez zen enkargu bat izan, bat-batean bururatu zitzaidan opari bat baizik. Orioko emakumeen traineruak denboraldi bikaina egin zuen urte hartan, eta opari bat egitea pentsatu nuen. Horrela gertatu zen. Oso polita izan zen esperientzia hura. Gogoan dut entrenamendu bati ekin baino lehen eman niela eskultura, Arraunetxen bertan. Ondoren, zodiakean haien entrenamendua ikustera gonbidatu ninduten. Azken finean, arraunak presentzia nabarmena du nire obran, eta kirol hori inspirazio iturri bat da niretzat. Artista batzuek, haien barne mundua erakutsi nahian, erakusketak egiten dituzte galeria eta museoetan; nik herri osoarentzat egiten ditut artelanak, hori delako artistaren benetako esentzia.

"Nik tailer honetan egiten dudan lanak denbora, pazientzia eta zurarekiko errespetua eskatzen ditu"

Estudioa urte luzez Donostian izan ostean, Oriora etortzea erabaki duzu. Zergatik?

Donostiako etapari amaiera eman nahi nion. Alde batetik, Grosen nuen lokalaren alokairuaren prezioa igo zidaten, eta bestetik, txikiegia geratu zitzaidan. Izan ere, obra eta artelan asko ditut dendan, eta espazio berean tailerra ere bai; dendarentzako eta tailerrarentzako espaziorik gabe geratu nintzen. Hasiera batean, lokala zabaldu nuenean, ez nion garrantzi handirik ematen kanpotik izan zezakeen itxurari. Urteak igaro ahala, ordea, espazio gabe geratzen hasi nintzen. Gainera, aspalditik nion begia botata Orioko lokalari, eta ikusten nuenez inork ez zuela alokatzen, seinale bat bezala hartu nuen. Niretzako egina zegoela zirudien. 30 urte baino gehiago igaro ditut Donostiako tailerrean; bertan hazi naiz, izugarri ikasi dut eta ehunka ikasleri irakasteko aukera izan dut. Hala ere, hona, Oriora, nire herrira, itzultzea erabaki dut. Nire onena eman nahi dut, eta nire lanbidearen azken etapa honetan, nire esperientzia guztia irauli nahi dut, tailu tradizionala gertuko jendearekin eta nire etxetik bertatik partekatuz. Niretzat urrats oso garrantzitsua izan da aldaketa hau 56 urterekin egin izana. Pauso hau emateko eta tailer berria irekitzeko ausarta izan naizela uste dut; izan ere, betiko lan ildoarekin jarraitu arren, aldaketak beti izaten dira gogorrak eta, batzuetan, beldurgarriak. Aspalditik erakartzen ninduen lokal honek; niretzat egina zegoela zirudien. Ahalegin eta sakrifizio handiz txukun utzi dut eta, Donostian nuenarekin alderatuz, honek nire lan ia guztia erakusteko aukera ematen dit. Gustura nago hemen, itsasoaren munduan.

Mendiren arte tailerra, Endaia plazan. 

Nolako erantzuna izan du tailerraren irekierak herrian?

Hasieran kostatu egin daiteke bertara gerturatzea, baina inaugurazio ekitaldia egin nuenean, familia, lagunak eta hainbat herritar bertaratu ziren. Askok artisau azoketan bakarrik ikusten nindutenez, uste zuten irudi txikiak soilik egiten nituela, eta ezustean hartu zituzten nire lan handiagoak.

Zure talentua, gainera, ez duzu zuretzat bakarrik gordetzen. Haur nahiz helduentzako ikastaroak ematen dituzu oraindik, ezta?

Oraindik lur hartzen ari naiz, baina nire asmoa urrian berriro ikastaroak ematen hastea da. Nire jardunbideak, batez ere, egurrezko artisautza, pintura eta marrazketa dira; nolanahi ere, urteetan zehar, altzariak zaharberritzeko lanak edota brikolajea ere landu ditut. Oro har, enkargu bidez egiten dut lan, nire webgunearen bidez zein enkargu pertsonalen bidez. Tailer honetan, nire lanak erakusgai eta salgai jartzeaz gain, lan ere egiten dut, baita ikastaroak eman ere. Ikastaroak helduei eta umeei zuzenduta emango ditut: taila eta eskultura, zaharberritzea, margo eta marrazketa eta eskulanak, oro har. Gainera, ikastaro sortzaileak ere emango ditut; adibidez, noraezeko egurrarekin artelanak egitea. Arrebak ere lagunduko dit, eta ume zein helduentzako ikastaro oso sortzaileak emango ditu hark. Tailer honetan ez zaio zurari forma bakarrik ematen; galdu ezin dugun gure historiaren zati bat mantentzen da bizirik. Tailerreko ateak zabalik daude ikasi nahi duen edonorentzat; gazteek jakin behar dute eskuekin zerbait sortzeak, zura lantzeak, baduela etorkizuna eta baduela arima.

"Gazteek jakin behar dute eskuekin zerbait sortzeak, zura lantzeak, baduela etorkizuna eta baduela arima"

Gustuko duzu haurrei egurra lantzen irakastea?

Oso gustuko dut, bai. Gainera, umeekin lan egiteak ikastaro sortzaileagoak edota ezberdinagoak ematea ahalbidetzen dit. Adibidez, hondartzan aurkitutako egur txikiak ekarri eta horiekin askotariko sorkuntzak egin ditzakegu. Itxura kuriosoa duten egurrak bilatu, bernizatu eta irudimena erabiliz, sorkuntzak egiten dituzte. Imajinazioa lantzeko balio dute ikastaroek.

Orioko arraunlarien trainerua, egurrean tailatuta. 

Zein dira egurra lantzearen onurak?

Euskal Herrian egurra lantzeko ohitura dago. Batzuetan, bezeroak etxean gordeta zituzten materialekin etortzen dira, eta gustatzen zaie haien eskuekin artelanak sortzea. Esan beharra dago gehienak jubilatuak direla, nahiz eta tarteka gazte batzuk ere etorri izan diren. Arte Ederrak ikasten ari diren ikasle batzuk ere igaro dira hemendik, azterketa garaian. Horregatik diot belaunaldien arteko erreleboa aldarrikatzeko unea dela; garrantzitsua da, herri eskulan tradizionala –kutxak, argizaiolak edota edozein lan etnografiko– museoetan soilik geratu beharrean, etxeetan bizirik mantentzea. Gaur egun, dena seriean eta azkar egiten da. Nik tailerrean egiten dudan lanak, ordea, denbora, pazientzia eta zurarekiko errespetua eskatzen ditu. Pieza bakoitza bakarra delako, eta lan bakoitzak arima duelako.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide