Miaketak egin dituzte Orion, droga trafikoaren aurkako polizia operazio bati lotuta

Erredakzioa

Guardia Zibilak Sustraia-Coyotes operazioan konfiskatutako materiala. (Guardia Zibila) 

Bederatzi lagun atxilotu dituzte Sustraia-Coyotes deituriko polizia operazioan. Guztira, zazpi etxebizitza eta lau garaje miatu ditu poliziak, tartean Orion ere bai. Polizia iturrien arabera, organizazio kriminal bateko kide dira atxilotuak eta urtean lau milioi eurotik gorako balioa zuen droga merkaturatu zezaketela kalkulatu dute. 

Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Espainiako Zerga Agentziak bederatzi pertsona atxilotu dituzte, Gipuzkoan kokatutako organizazio kriminal bateko kide izatea egotzita. Sustraia-Coyotes izeneko polizia operazioaren barruan hainbat miaketa egin ditu poliziak azken egunetan; guztira, zazpi etxebizitza eta lau garaje miatu dituzte, tartean baita Orion ere. Dena den, Oriokoaz gain, Donostiako Amara, Loiola zein Aiete auzoetan eta Irunen (Gipuzkoa) ere egin ditu miaketak poliziak.

Bederatzi atxiloketa horietatik zortzi Gipuzkoan egin dituzte, eta bestea Perenollet (Herrialde Katalanak) herrian. Atxilotuen artean, sei gizon, bi emakume eta adingabe bat daude. Poliziak azaldu duenez, atxilotuetako batzuk droga trafikoan "hogei urte baino gehiagoko esperientzia" dute. Guztira, hamar kilo kokaina eta 23 kilo anfetamina edo speed atzeman dituzte, baita beste estupefaziente batzuk ere, hala nola 250 gramo haxix, 47,5 gramo marihuana, 15 gramo ketamina eta sei estasi pilula. Ordea, bestelako material mota asko atzeman du poliziak; besteak beste, drogak prestatzeko, mozteko nahiz faltsutzeko tresnak eta produktuak, informatika materiala, dokumentazioa, kriptoaktiboak, turismo ibilgailu bat eta bi pistola. Horrez gain, 21.000 euro baino gehiago bildu dituzte. 

Poliziaren arabera, ustezko organizazio kriminal horrek "urtean lau milioi eurotik gorako balioa zuten estupefazienteak jar zitzakeen merkatuan". Gainera, taldekideek "eginkizun desberdinak" zituztela jakinarazi dute: batzuk "substantzia aitzindariak eskuratzeaz eta hornitzeaz" arduratzen ziren, eta besteak, "droga prestatzeaz". Gainerako kideen egitekoa, berriz, droga "banatzea eta saltzea" zen. Gauzatu duten ikerketaren arabera, halaber, atxilotuek indarkeria erabiltzen zutela "droga partiden ordainketak eskatzeko".

Irungo (Gipuzkoa) auzitegi batek gainbegiratu du operazioa, Donostiako Guardiako Epaitegiaren eta Adingabeen Fiskaltzaren laguntzarekin. Atxilotutako bost lagun espetxean sartu dituzten behin-behinean, eta beste bi aske gelditu dira fidantzapean. Beste atxilotu bat, berriz, aske utzi dute, eta atxilotutako adingabea Adingabeen Fiskaltza espezializatuaren aurrera eramango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide