Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herri mailan deitutako mobilizazioekin bat egin zuten atzo iluntzean Orion. Herriko Plazan batu ziren herritarrak, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean, Palestinari babesa adierazi eta bertan egiten ari diren genozidioa irmoki salatzeko.
Gernika-Palestinak gogora ekarri du hiru urte ondoren, "egoera okerrera" doala Palestinan eta, "oro har, munduan zehar". "Genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea, lurraldea inpunitate osoz berenganatzea".
Herri ekimenak, halaber, azpimarratu du Israelgo ejerzitoak "Gazaren %60a baino gehiago berenganatua" duela, eta iazko urriko su eten adostutik "ia 1300 pertsona erail" dituela. "Horietatik 270 haurrak dira, eta 8.000 gorpu errekuperatu ezinik daude Gazan".