Aikari Lizaso: "Emakumeen Zirkulua epairik gabe elkartzeko espazioa da"

Julene Sorarrain

Aikari Lizaso, aste honetan, Saregile emakumeen etxean. (Julene Sorarrain)

Aikari Lizasok emakumeen zirkulua eskainiko du udazkenean Saregilen, hausnarketa kolektiboaren bidez, ongizate emozionala eta ahalduntzea lantzeko.

Saregile emakumeen etxeko Ahalduntze Eskolak hainbat proposamen eskainiko ditu udazken honetan, emakumeen autonomia eta konfiantza indartzeko, elkarrekin ikasteko, esperientziak partekatzeko eta sareak ehuntzeko. Proposamen horietako bat, hain zuzen ere, Emakumeen Zirkulua izango da. Aikari Lizaso (Hernani, Gipuzkoa, 1980) bizi prozesu konplexuetako laguntzaileak gidatuta, euskaraz izango dira saioak, eta hausnarketa kolektiboaren eta jolasen nahiz askotariko dinamiken bidez, ongizate emozionala eta ahalduntzea landuko dituzte.

Urriaren 27an, azaroaren 24an eta abenduaren 22an, 18:00etatik 20:00etara elkartuko dira Saregilen bertan, eta urtarriletik aurrera ere jarraipena izango du ikastaroak. Parte hartzeko interesa duten emakumeek aurrez izena eman beharko dute.

Nola azalduko zenieke herritarrei zer den Emakumeen Zirkulua?

Emakumeen Zirkulua epairik gabe elkartzeko espazio soziala da. Ez da saio terapeutikoak egiteko gune bat; izan ere, saioen egiturak berak erakusten digun moduan, partaide guztiak zirkuluan esertzen gara, guztiok maila berean gaudelako. Ez da ikasgela bat; partaideak ez datoz zerbait ikastera, baizik eta beren bizipenak partekatzera. Gure amonek garai batean egiten zuten zirkulua gogorarazten dit: elkar entzuteko, zaintzeko eta partekatzeko elkartzen zirenekoa. Xumetasun horretan zerbait handia dago.

Emakume asko animatzen al dira halako saioetara?

Praktika hauek gauzatzea kostatu egiten da herri batzuetan, aurreiritzi asko daudelako, besteak beste. Ez da erraza izaten espazio hauetara gerturatzea, batzuei eremu oso intimoa iruditzen zaielako. Euskal Herrian, adibidez, ez dira oso ezagunak horrelako praktikak. Dena dela, nik urte asko daramatzat Emakumeen Zirkuluak gidatzen, eta horietan parte hartzea esperientzia oso aberasgarria dela iruditzen zait. Batzuek imajinatzen dute barruko dena hustu behar dutela saioetara etortzean, baina ez da beti horrela. Beste emakume bat entzuten duzunean, beraz zenuen irudia edo begirada alda daiteke. Izan ere, besteen istorioek oihartzuna eragin dezakete zugan. Espazio honek ahalbidetzen du jabetzea bizitzan denok erronka berdinei egiten diegula aurre. Saioetan enpatia berezi bat sortzen da, agian kalean sortzen ez dena.

Zein da zure rola espazio horretan?

Saioa hasten dugunean, nik proposatzen diet zer ildo jarrai dezakegun. Gainera, hasieran, hitz zirkulu bat egiten dugu, eta partaide bakoitzak, egun horretan zehar bizi izan dituen egoeren arabera, hitz bat ekartzen du. Nik, moderatzaile lana baino gehiago, bide laguntzaile lana egiten dut; espazioa neutrala izan dadin arduratzen naiz. Izan ere, formatu honetako saioetan, askotan erortzen gara botere harremanetan, edo agian gehiegi zaintzen dugu bestea. Espazio hau bakoitzak bere aldetik hitz egiteko da, eta ez besteei aholkuak emateko. Noski, besteen esperientziekin enpatia izan dezakegu. Baina norbaitek ondokoari aholkuak ematen badizkio, askotan infantilizatu egin dezake, eta horrek ahuldu egiten du pertsona. Aldiz, beste norbaitek esaten badio "nik ere hori bizi izan dut", horrek ondo sentiaraziko du.

"Izugarrizko ikasketa dakar adin tarte ezberdinak elkartzeak"

Zergatik sortu duzue espazio hori Saregilen? Behar batzuk identifikatu al dituzue herriko emakumeen artean?

Urte hauetan sentitu dut horrelako espazioak eskatu egiten direla, jakin gabe zehazki zer behar dugun. Izan ere, gizakiok zailtasun handi bat dugu: badakigu zerbait behar dugula, baina ez gara behar hori identifikatzeko gai. Horrelako espazioak eskaintzean, emakumeen erantzuna zera izan da: "Zein beharrezkoa nuen espazio hau! Ez nuen uste niretzat hain sendagarria izango zenik". Emakumeen Zirkuluak martxan ditut Zarautzen eta Donostian ere, eta urte hauetan, ideia hori askotan azaldu da. Emakumeen Zirkuluan ikusten duguna da eguneroko bizimodua modu eraikitzaile, lasai eta epairik gabeko batean eraiki daitekeela.

Noiz izan zenuen Emakumeen Zirkuluen berri?

Lehenengo Emakumeen Zirkulua duela hamabost urte inguru gidatu nuen. Neu ere erabiltzailea izan naiz, eta niretzat Emakumeen Zirkuluak esfortzurik eskatu ez didaten espazio seguruak izan dira beti. Ez dira ikasgela bat; ez dago aurrez prestatu beharrik saioan zer esan, eta horrek momentuan presente egoten laguntzen du. Hain zuzen ere, nire gorputzetik momentuan ateratzen dena partekatzeko balio izan didate saioek. Gainera, Emakumeen Zirkuluaren inguruko prestakuntza dut, eta ginekologia naturalean ere espezializatuta nago, baita beste hainbat teknikatan formatuta ere. Horrek guztiak ahalbidetu dit nire burua ondo ulertzea, nire bizitza historia leku osasuntsu batean kokatzea eta eskaintzen ditudan espazio guztiak zaintzea.

"Zirkulua bakoitzak beretik hitz egiteko da, ez besteei aholkuak emateko"

Zer profil da ohikoena Emakumeen Zirkuluetan?

Zirkulu batean ikusi dudan emakume gazteenak 21 urte inguru izango zituen, eta nagusienak, 72 urte. Hori da aberatsa: adin ezberdinetako pertsonak elkartzea. Nik hori dut gustukoen, batez ere adin nagusikoak gerturatzea, gaur egun aukera gutxi daudelako haientzat, eta, orain, sare sozialen inpaktuarekin, are gutxiago. Izan ere, sare sozialetan nabarmentzen den estetika gorputz gazteena da: dena bere lekuan dutenena, familia karga gutxi ala batere ez dutenena... Nire zirkulura ekartzen dudana da egunerokotasuna sakralizatzea; egunerokotasunean dagoen aberastasuna, hain zuzen ere. Emakumeen Zirkulua zabalik dago adin tarte guztietako jendearentzat, eta zenbat eta adin nahasketa handiagoa egon, orduan eta ikasketa handiagoa. Norbaitek entzuten duenean 70 urteko emakume bat bizitzen ari dena berak 23 urterekin bizi duenaren berdina dela, bat-batean parean jartzen dira. Gainera, ondokoak egoera hori nola konpondu duen ikas dezake haren bizipenak entzunez.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide