Arrainen migrazioa, uholde arriskua eta ziurgabetasuna

Maddi Txintxurreta

Algorriko flysch-a, Zumaian.

Aztiren ikerketa baten arabera, ozeanoen berotzea aldaketak eragiten ari da dagoeneko. Arrainak egokitzen ari dira; gizakiei ere hori egitea dagokie.

Ozeanoen berotzeak eszenatoki berriak zabaltzen ditu, eta urpeko bizidunek aldaketetara egokitzea beste aukerarik ez dute. Hori egitea dagokie gizakiei ere, itsaspeko mugimenduek lurtarren ongizatea nahiz ekonomia arraildu baitezakete, bereziki kostaldeko herrietan. 2023an argitaratu zuen Eraldatzen ari den ozeanoa esploratzen: klima aldaketak itsas bizitzan eta giza jardueretan dituen ondorioak izeneko ikerketa eguneratu berri du Azti ikerketa zentroak aurtengo irailean, eta berotze globalaren aurrean erreakzionatzeko beharra agerian uzten du: klima larrialdiak ozeanoetan dituen eraginak hemen eta orain antzeman daitezke, eta prebentzioan nahiz egokitzapenean lan egin ezean, okertzera besterik ez dute egingo etorkizunean.

Aztik Bizkaiko golkoan egin ditu aipatutako dokumentuan jasotzen dituen azterketak, baina jasotako datuek eta ondorioek Kantauri itsasoak bustitzen duen kostaldean bizi den egoerari buruzko erradiografia irudikatzen laguntzen dute. Hala, neurketen arabera, euskal kostaldeko itsasoko azaleko tenperatura hamarkada bakoitzeko 0,19 eta 0,26 gradu artean igo da 1980az geroztik, eta mendearen amaierarako tenperatura hori 1,5 eta 2,5 gradu igo daitekeela diote proiekzio klimatikoek. Berotze horrek, Aztik ohartarazi duenez, itsas bizitzaren banaketa eremuak ehunka kilometro mugi ditzake poloetara, urtaroen zikloak aldatu ditzake, arrainen tamaina murriztu dezake eta itsas maila igo. "Agian, kezkagarriena da ziurgabetasuna dagoela, ozeanoak klimaren erregulazioan izan dezakeen rola ezezaguna delako", gaineratu du ikerketa zentroak.

Itsas maila, gora

Itsas mailaren igoera da Aztik seinalatzen duen fenomeno kezkagarrietako bat. 1990eko hamarkadaz geroztik, hamarkada bakoitzeko 1,5 eta 3,5 zentimetro artean hazi da euskal kostaldeko itsas maila, eta 2025erako 25 zentimetro inguru haziko dela kalkulatu du Aztik. "Horren ondorioz, hondartzen azaleraren %16 galduko da", zehaztu du.

Ikerketa zentro horren arabera, aurreikusitako igoera horrek eragin nabarmena izango du estuarioetako ekosistemetan, hala nola paduretan eta belardietan, zeinak "elementu garrantzitsuak" diren biodibertsitatearen kontserbazioan. Halaber, kalteak eragingo ditu kostaldeko jardueretan eta itsasertzeko azpiegitura kritikoetan: "Marea biziek eta ekaitzek eragindako uholdeen eragina areagotu daiteke, eta kalte handiak eragin ditzakete portuetan, dikeetan eta itsas pasealekuetan".

Hamarkada bakoitzeko 1,5 eta 3,5 zentimetro artean hazi da itsas maila

Itsasoaren mailaz gain, ekaitzak ugaritzeak olatuen tamaina ere handitzea ekarriko du, eta ondorioz, gaur egun uholdeak pairatzeko arriskua duten eremuen azalera %12 handituko da 2025erako; eta %24tik %59ra, 2100erako. Aztik KostaSystem bideometria sarearen bidez egindako azterketen arabera, hondar lehorreko eremuaren zabalera eta altuera nahiz hesi naturalen eta artifizialen altuera funtsezko faktoreak izango dira denboraleen inpaktua murrizteko.

Arrainen egokitzapena

"Ozeanoaren berotzea aldaketak eragiten ari da antolaketa biologikoaren maila desberdinetan, espezieen fisiologiatik hasi eta itsas komunitateen osaeraraino", ohartarazten du ikerketak. Aztik azken hiru hamarkadetan egindako azterketek erakusten dutenez, euskal kostaldeko arrantza sektorean funtsezkoak diren antxoaren, sardinaren, atunaren eta berdelaren baldintzak aldatzen ari dira. Komunitateez ari direla, analisiek erakusten dute ozeanoen berotzeak tamaina txikiagoko eta hazkunde azkarragoko espezieei egiten diela mesede, baita ur epelak atsegin dituzten eta maila trofiko baxuagoetan elikatzen diren espezieei ere. Espezieei dagokienez, antxoaren, tunidoen, sardinaren eta berdelaren batez besteko tamaina nabarmen txikitu da; txitxarroak, aldiz, kontrako joera erakusten du.

Berdelak 370 km mugitzen du errutea itsasoa gradu bat berotzen denero

Uraren tenperaturara egokitzeko estrategiak dituzte arrainek, horien artean, migrazioak eta ugalketa erritmoen aldaketak. Hala, Aztik ondorioztatu du berdelaren errutea iparralderantz 370 kilometro mugitzen dela itsasoa gradu bat berotzen denero, eta txitxarroa, berriz, hamabi bat egun lehenago ugaltzen dela. Hegalaburra, halaber, desplazatzen ari da, eta Aztik ohartarazi du mendearen amaierarako 708 kilometro desplazatuko dela iparraldera. "Gainera, ugalketa eremu nagusiek, Mediterraneoak eta Mexikoko golkoak, egokitasuna gal dezakete ale helduentzat, eta, agertoki okerrenean, %27 eta %70 artean murriztu dezakete ugalketa leku horietan, hurrenez hurren", agertu du Aztik.

Berezia da antxoaren kasua. Espezie hori ere ez dago ozeanoen berotzearen eraginetatik salbu. Hala ere, klima aldaketarekiko "erresilientea" dela nabarmendu du ikerketa zentroak, eta litekeena da uraren berotzearekin antxoa kopurua handitzea, aztertutako joerek erakusten baitute arrautzen dentsitatea nahiz errute eremua handituko dituela: "Elikagaiaren eskuragarritasun baldintzak nabarmen aldatzen ez badira. itsasoaren berotzearen eragina ondo etorriko zaio".

Antxoak arrautzen dentsitatea eta errute eremua handituko ditu

Arrainen migrazio aldaketak arinak dira oraindik, eta beraz, Aztik dio gaur-gaurkoz ez dutela aldaketa nabarmenik eragiten berdelari eta txitxarroari lotutako arrantza jardueretan. Hala ere, ohartarazi du beharrezkoa dela aldian behin stockaren jarraipena egitea eta arrantza estrategiak egokitzea, "klima aldaketaren aurreikuspenek erakusten baitute itsasoa orain arte baino gehiago berotuko dela".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide