Udal langileek greba egingo dute ostegunean, eta hainbat zerbitzu itxita egongo dira

Onintza Lete Arrieta

Kultur Etxeko atean, grebagatik itxita dagoela dioen kartela.

Lan baldintza hobeak eskatzen jarraitzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal langileek, eta uda aurretik egindako protestei jarraipena emango diete ostegunean. Kultur Etxea eta liburutegia esaterako, itxita egongo dira, eta horregatik, Pello Añorgaren ipuin kontaketa saioa astebete atzeratu dute. 

ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal langileak ostegun honetan, urriak 8, lan baldintza hobeak eskatzeko, eta Orioko udal langileek bat egin dute deialdiarekin.

Ondorioz, hainbat udal zerbitzu itxita egongo dira egun horretan, tartean Kultur Etxea eta bertako liburutegia. Hain zuzen, Pello Añorga ipuin kontalariaren saioa ostegunerako zegoen programatuta, eta hori astebetez atzeratuko dela jakinarazi dute arduradunek; urriaren 15ean izango da, beraz, ipuin kontaketa. 

Apiriletik protestan

Udal langileak udaz aurretik hasi ziren protestetan. Apirilean lanuzteak egin zituzten, eta maiatzaren 14an eta ekainaren 4an greba ere egin zuten. Udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa itxi zituzten orduan, eta udal kanpinean gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten. Orioko Udaleko 80tik gora langilek bat egin zuten lanuzte eta greba haietan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileek egin zuten greba, Udalhitzeko eta udaletako negoziazio mahaietan lan baldintzak hobetzea lortzeko helburuarekin. Langileek bi eskari nagusitan oinarritu zituzten protestak: batetik, udal langileen lan baldintzak ez erabakitzea Madrilen, euskal administrazioan baizik; eta bestetik, Udalhitzeko konbenioa eguneratzea –Udalhitz euskal toki erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa da– lan baldintzak hobetzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide