Amaiera distiratsua izan du Parrilla Festak

Onintza Lete Arrieta

Plaza bete jende elkartu du gaur eguerdian Txakolin Egunak. Marmitako jana eta herriko tabernek eskainitako pintxo eta postre dastaketa egiteko aukera ere egon da. Marmitakoa egiten beteranoak nahiz hasiberriak ibili dira, hamabost urteren ondoren, erreleboa emateko garaia iritsi baitzaie batzuei. 

Amaiera ezin hobea izan du ostiral iluntzetik Herriko Plaza hartu duen Parrilla Festak. Txakolin Eguna antolatu dute aurrenekoz azken egun honetarako, eta herriko eta inguruko lau txakolindegiren uzta dastatzeko aukera izan dute herritarrek: Katxiña, Blai, Arbela eta Zudugarai. 

Edariari laguntzeko mokadu goxoak ere eskaini dituzte herriko tabernari eta ekoizle batzuek: Boga-bogak postreak jarri ditu (gazta, limoi, azenario eta txokolate tartak), Mirotzak olagarro eta otarrainxka entsaladilla pintxoak, kroketa bereziak eta gildak, Villa Antillak olagarro eta begi-handi arroz pintxoak, eta Txankak, berriz, ostrak, otarrainxkak eta itsasoko beste zenbait gutizia. 

Erreleboa marmitako prestaketan

Marmitakoa prestatzeaz arduratu izan direnak, eta hemendik aurrera arduratuko direnak, gaur eguerdian Herriko Plazan. (Onintza Lete Arrieta)

Nola ez, marmitakoa jateko aukera ere izan da. Atzo hasi ziren jatekoa prestatzen, eta gaur goizean jarraitu dute lanean, eguerdirako dena prest egon zedin. Azken hamabost urteetan herriko kuadrilla bat aritu da boluntario lan horretan, baina erreleboa etorri da aurten, eta beteranoak hasiberriei erakusten aritu dira. Hala, azkenekoz jardun dute marmitakoa egiten Bixente Lasak, Jexux Antonio Makazagak, Koldo Arrutik, Mila Etxeberriak eta Joxe Anjel Iparragirrek. Orain bi urteko sanikolasetan omenaldia ere jaso zuten horiek, urte hauetan herriarentzat egindako lan eskerga aitortzeko. 

Gustuko jan-edana inguratuta, lagun arte alaian egon da dozenaka herritar, plazako aterpean nahiz inguruan festarako jarriak zituzten mahaietan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide