Anjel Larrañagak ez du jarraituko Orio B ontzia entrenatzen

Onintza Lete Arrieta

Anjel Larrañaga, arraunak eskuetan, Arraunetxen. (Intza Trula)

Larrañagak bederatzi urtez entrenatu du bigarren taldea, baina klubak erabaki du etapa hori amaitutzat ematea. Ibon Urbietak hartuko du ardura hori, baita arraun eskolatik senior mailara arteko beste talde batzuena ere.

Orio Arraunketa Elkarteak gaur sare sozialen bidez jakinarazi du  Anjel Larrañaga Orio B ontziaren entrenatzailea kargutik kendu duela. Bederatzi urtez bete du zeregin hori Larrañagak, eta klubak bere esker ona adierazi dio. Klubak nabarmendu du ziklo horretan Larrañagaren lana "erabakiorra" izan dela "klubaren orainean eta etorkizunean", eta "bere eskuetatik igaro" direla "gaur egun traineruko mirotz diren etxeko arraunlari gehienak". 

Ohar berean, beste albiste bat eman du klubak: Ibon Urbietak hartuko duela B ontziaren ardura, baita beheragoko kategoria batzuena ere. "Azken urteotan atzeman dugun hutsune handi bati erantzutera" dator Urbieta; "aulki finkoaren lanketa eta hazkuntza bultzatzea, arraun eskolako oinarritik hasi eta senior mailaraino". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide