Aurtengo San Nikolas festak abenduaren 5etik 8ra ospatuko dira, eta horiek antolatzeko hiru bilera egingo ditu festa batzordeak datozen asteetan. Lehena urriaren 7an izango da, asteazkenarekin, 19:00etan Kultur Etxean. Festa egunak eta programazioaren oinarriak zehazteko bilera izango da hori, hain justu. Udalak posta bidez jasotako proposamenak aurkeztuko ditu, eta horretarako, interesdunek mezu bat idatzi dezakete kultura2@orio.eus helbide elektronikora. Horiek taldean aztertu eta programazioaren lehen zirriborroa osatuko da, San Nikolas festen izaera eta balioak kontuan hartuta.
Bigarren bilera urriaren 21ean izango da, asteazkenarekin, 19:00etan Kultur Etxean. Saio horretan proposamen berriak aurkezteko aukera egongo da, aurreko bileran zehaztutako oinarrien gainean. Dena den, bileraren helburua programazioaren ikuspegi orokorra erabakita uztea izango dela argitu du udalak.
Hirugarren eta azken bilera azaroaren 4an izango da, 19:00etan Kultur Etxean. Programa ixteko bilera izango da, jarduera, artista, ordutegi eta gune guztiak lotuta. Gainera, behar teknikoak zehaztuko dituzte, baita eragileen arteko koordinazioa bideratu ere.