Noiz sortu zitzaizun atletismoarekiko zaletasuna?
Gaztetan hasi nintzen atletismoan, 12 bat urterekin, eskolako lasterketetan. Garai hartan judoa ere egiten nuen, dena probatuz joan nintzen, baina atletismoak erakarri ninduen gehien. Tolosan ibili nintzen 18 urtera arte edo. Handik urte batzuetara, 27-28 urterekin, arraunean hasi nintzen: Orion, Getarian, San Pedron… ibili nintzen. Baina duela zazpi urte istripu bat izan nuen, eta horren ondoren, atletismoan lehiatzeko gogoa berpiztu zitzaidan. Orain bost urte Gipuzkoako Atletismo Federaziora jo nuen informazio bila, eta hala hasi nintzen Kemen klubarekin, pistako eta abiadura probetan lehian.
Zer kategoriatan lehiatzen zara?
Nire kategoria T46 da, goiko gorputz adarretako desgaitasuna dutenena. Beste kategoria batzuek hanketako desgaitasunak dituztenak edo gurpildun aulkietan aritzen direnak biltzen dituzte, esaterako. Gainera, master mailan ere banago, beteranoetan, 44 urte baititut. Lehiaketa egokituetara Kemenekin joaten naiz –Gipuzkoan lehiatzeko arazorik ez dut, baina kanpoko lehiaketetan lizentzia horrek ez du balio–. Euskadiko eta Espainiako master txapelketetan lehiatu nahi badut, berriz, Tolosarekin joaten naiz.
Azkenaldian zer lehiaketa izan dituzu?
Udara arte abiadura eta pistako probetan aritu naiz, denboraldia amaitu arte. Uztailean, esaterako, A Coruñan (Galizia) izan nintzen, master mailako Espainiako Aire Zabaleko Txapelketan, Atletico San Sebastianekin; Tolosarekin hitzarmena du klub horrek. Taldean baja bat izan zutenez, joateko aukera eskaini zidaten, eta baliatu egin nuen.
Zer da zuretzat atletismoa? Zer ekarpen egiten dio zure egunerokoari?
Marka bat egitean eta hura hobetzean sentitzen dena ikaragarria da. Batzuetan ordu asko pasatzen ditugu errepidean, lasterketa bukatu orduko etxera bueltatzeko, eta agian dominarik gabe; baina, hala ere, merezi du. Helburutik gero eta gertuago zaudela ikusteak indarra ematen du, eta korrika ondo egindakoan geratzen den betetasuna itzela da. Motibazio horrek bultzatzen nau entrenatzera, eta datozen lehiaketetarako prestatzera.
Zein duzu lorpen bereziena?
Egokitu gabeko lasterketetan lortutakoak dira poztasun handiena eman didatenak. Duela hiru bat urte master mailako Europako Txapelketara joan nintzen, Italiara, eta urtebete geroago, Munduko Txapelketara, Suediara. Toki horietan ikusten duzu jendeak zer maila daukan, nola prestatuta joaten diren... Esperientzia gisa oso aberasgarriak dira. Dena dela, maitasun berezia diet Euskadiko Txapelketari eta etxeko lasterketei. Azken finean, beti jende bera ibiltzen gara lehian, eta lagunak izaten bukatzen dugu, familia bat bezala gara. Denok elkar ezagutzen dugu, eta giro ona sortzen da. Politena hori da: lagunak egitea.
Nolakoak dira zure entrenamendu saioak?
Normalean, irailean edo urrian hasten naiz entrenatzen, eta denboraldia urrian hasi eta uztailean bukatzen da. Nire kasuan, ebakuntzak direla eta, maiz egin behar izan ditut etenaldiak prestaketetan. Batzuetan hilabete, bi hilabete edo hiru ere igaro behar izaten ditut igeltsuarekin, geldirik. Ebakuntzarik egin ez zidaten urte bakarrean, hobekuntza handia egin nuen marka pertsonalean. Aurten, esaterako, Behobia-Donostia proba egin nahi dut, eta horretarako, ebakuntza bat atzeratu behar izan dut. Horrek datorren denboraldiko abiadura probetan eragingo dit, baina buruan Behobia-Donostia egitea neukanez, hori aukeratu dut.