Eliteko kirol taldeen medikua da Eder Etxeberria (Orio, 1980), eta txirrindularitzako profesionalekin hitzaldi sorta antolatu du ostiral arratsalderako; besteak beste, Gorka Prieto eta Virginia Santesteban ariko dira hizlari. Zehazki, elikadurak kirol horretan duen garrantzia izango dute hizpide, eta Tourrean aritutako bi sukaldarik errezeta batzuk prestatuko dituzte han bertan.
Nolatan bururatu zitzaizun halako jardunaldia antolatzea herrian?
Maila goreneko txirrindularitza taldeekin egiten dut lan, eta harreman handia dugu nutrizionistekin, gaur egun elikadura oso garrantzitsua delako errendimenduan. Amaia Marti nutrizionista laguna eta lankidea dut, eta behin komentatu nion kontsultara etortzen den jende askok galdetzen didala ea nola jaten duten txirrindulariek proben aurretik eta ondoren, eta xehetasun asko galdetzen zizkidatela. Hortik sortu zen ideia; pentsatu genuen jakin-min horri erantzuteko zerbait antolatu beharko genukeela, eta Aldapa zikloturista elkartekoei komentatu genien, inportantea iruditzen zitzaigulako txirrindulari elkarte baten babesa edukitzea. Hitzaldiez gain, txirrindulariek jaten duten hori ere erakutsi nahi dugu jardunaldian.
Beste inon egin al duzue aurrez halako saiorik?
Ez. Espainiatik badator jendea, Zaragozatik eta Madrildik, eta askok idatzi digute beste toki batzuetatik, Andorratik ere bai batzuek, saioa streaming bidez emateko eskatuz.
Puntako hizlariak dira...
Bai. [Tadej] Pogacar-en nutrizionista da Gorka Prieto; Realean elikaduran iraultza egin zuen eta orain Lidl-Trek taldean dabil Virginia Santesteban; Amaia bera oso aditua da RED-S sindromean, hau da, kiroleko energia urritasun erlatiboaren sindromean. Gainera, Frantziako Tourrean aritzen diren bi sukaldari izango ditugu, Jon Carazo eta Julen Lizartza, zuzenean kozinatzen. Denek eman ziguten baiezkoa berehala, eta bat-batean konturatu ginen maila handiko hitzaldia antolatu genuela.
Gaur egun elikadurak izugarrizko garrantzia du kirolean, eta zehazki, txirrindularitzan. Inflexio punturik izan al da, edo bilakaera bat eman da?
Tira, zehazki gai horri buruz ariko naiz neu ostiralean. Elikaduraren garrantziaren zergatia izango dut hizpide, eta horretarako bereziki 2011ra jo behar da, Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak eta arraun federazioak osasun arrazoiengatik ez bazen kirolaria ziztatzea debekatzen zuen arau bat argitaratu zutelako. Noski, ordura arte ere garranzitsua zen kirolarien elikadura, baina hark inflexio puntua ezarri zuen. Izan ere, ordura arte kirolari bat helmugara lur jota iristen zenean, ohikoa zen sueroa edo bitaminak sartzea zainetik. Nik egin dut hori mediku gisa, eta neuri egin zidaten, arraunlaria nintzenean. Ez da dopatzea, eta legezkoa zen, baina noski, osasuntsuagoa da errekuperazioa elikadurak ahalbidetzen badu. Batzuei gogorra egingo zaie, baina errekuperatzeko ziztatzetik elikadura zaintzera pasatu gara. Hori da egia. Uste dut aldaketa horrek sekulako onura ekarri diola kirolari, orokorrean, eta txirrindularitzari eta txirrindulariei, bereziki.
Kirolarien jatekoaz arduratzen diren sukaldariak ere izango dira saioan.
Bai. Batetik, karrera ondorengo bazkaria izan ohi dena prestatuko dute. Roner-a erabilita egin ohi da, Maria bainuan bezala, oso poliki sukaldatuta; normalean, arroza edukitzen du, modu berezian eta goxoan eginda, eta oilaskoa. Bestetik, postre bat prestatuko dute. Horrez gain, gosaltzeko txirrindulariei jartzen diegun buffeta utziko dugu han prest, jendeak ikus dezan, eta sukaldariek hari buruzko azalpenak ere emango dituzte. Saioaren amaiera pixka bat interaktiboagoa izatea da gure asmoa.
Baina dena ezingo da kontatu, ala? Ez al dago sekreturik?
[Barrez] Sekretu asko ez, hau zientzia delako eta horretan gabiltzanok elkarrekin partekatzen dugulako jakintza. Gainera, probak irabazten dituztenak kirolariak dira; gure lana da, maisu on batek zioen bezala, ezer ez kakaztea eta barruan duten onena eman dezaten laguntzea.
Tokia bete arte eman ahalko da izena, eta biltzen duzuen dirua Aldaparentzat izango da.
Bai. Hizlariak musu-truk etorriko dira eta Arraunetxea udalak utzi digu, baina inskripzioak bi arrazoigatik jarri genituen: elkartea laguntzeko, eta tokia mugatua denez, ziurtatzeko izena ematen zutenak etorri egingo zirela eta ez zela tokia alferrik galduko. Etxe batzuek oparitxoak eman dizkigute, eta entzule bakoitzak poltsatxo bat jasoko du, beraz.
Puntako sukaldariak eta nutrizionistak
Txirrindularitza profesionalaren elitean lan egiten duten adituekin solasaldia antolatu dute ostiralerako Arraunetxen, eta sarrerekin biltzen duten diru guztia Aldapa Orioko zikloturista elkartearentzat izango da. Pedalkadak elikatzen izeneko saioan parte hartuko dute Gorka Prieto UAE Team Emirates taldeko nutrizio arduradun eta Pogacarren nutrizionistak; Virginia Santesteban Lidl-Trek taldeko nutrizionista eta Realeko nutrizionista ohiak; eta Amaia Marti Oda, EF Education-EasyPost taldeko nutrizionista eta Andorrako Dietista Nutrizionisten Elkargoko presidenteak.
Jardunaldia Etxeberriak berak gidatuko du, eta elikadurak gaur egungo txirrindularien osasunean eta errendimenduan duen funtsezko garrantzia azalduko du kirol mediku oriotarrak.
Bukaeran, Movistar Team eta Lidl-Trek taldeetako sukaldarien showcooking-a izango da, Jon Carazo eta Julen Lizartzaren eskutik.
Izen ematea zabalik dago Entradium.com atarian, 16 eurotan, tokia bete arte.