Behoria Garbiak seigarren edizioa egin zuen atzo Orion, eta egun osoan zehar Oria itsasadarrari lotutako ekintzak egin zituzten. Besteak beste, hondakinen bilketa, bisita gidatuak, hitzaldiak eta tailerrak eskaini zituzten. Helburu nagusia "Oriako itsasadarra, itsas kultura, ingurumen hezkuntza, tokiko ekonomia eta turismo arduratsua uztartzea" izan zen.
Egun osoan zehar, gutxi gorabehera, 600 lagunek parte hartu zuten programatutako jardueretan. Gainera, beste hainbat eta hainbat gerturatu ziren arratsaldean Herriko Plazara, Eko azokara eta amaierako kultur ekitaldira.
Kayakean Oria ibaia garbitzean, guztira, hiru edukiontzi handi betetzeko adina hondakin bildu zituzten. Horien artean gurpilak, pantailak, bidoiak, beirak, ehunak eta beste hainbat hondakin aurkitu zituzten. Antilla hondartzan, berriz, gutxi gorabehera 700 zigarrokin bildu zituzten, baita plastikoak eta tamaina txikiko bestelako elementuak ere.
Bisita gidatuetan 60 lagun inguruk parte hartu zuten, eta horiek itsasadarreko eta Arraunetxeko bisitez gozatu zuten. Hitzaldiak, besteak beste, ondorengo protagonistek eskaini zituzten: Brewery Landek artisau garagardoaz; Kimurik baztertutako baliabideak pieza paregabe bihurtzeaz; Marapilok hondartzan bildutako kristalez egindako bitxiez... Egitaraua Radio Rebelderen emanaldi sorpresarekin amaitu zuten.
(Argazkiak: utzitakoak)