Jendetza elkartu zen ostiral arratsaldean Kultur Etxean, Los últimos pastores dokumentalaren emanaldia ikusteko. Samu Fuentes dokumentalaren zuzendariaren eta Maialen Sarasua bertan parte hartu duen zinemagile oriotarraren eskutik solasaldia izan zen jarraian.
Dokumentalak Fernando eta Manolo Mier anaien egunerokoa kontatzen du. 13 urte zituztenetik artzain aritutako bi anaiak Europako mendietan belaunaldiz belaunaldi iraun duen bizimodu baten azken lekukoetakoak dira, eta filmaren bidez, mendiko artzaintzaren gogortasuna eta edertasuna ez ezik, bizimodu hori desagertzeko arriskuan jartzen duten aldaketak eta zailtasunak ere agerian geratzen dira.