Euskaltzain oso izendatu dute Jon Sarasua

Aritz Mutiozabal

Jon Sarasua euskaltzain oso izendatu zutenean, atzo, Iruñean. (Euskaltzaindia)

Iruñeko udaletxean egin zuen atzo osoko bilkura Euskararen Akademiak, eta bertan jaso zuen gainerako euskaltzainen babesa. Orain, zortzi hilabeteko epea izango du sarrera-hitzaldia prestatzeko.

Euskararen Akademiak atzo izendatu zuen Jon Sarasua euskaltzain oso berri, Iruñeko udaletxean egindako osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin zuten, eta Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa lortu zuen sozioliguista ezagunak.

Mikel Zalbide hizkuntzalari donostiarra euskaltzain emeritu izatera igaro zen maiatzaren 9an, 75 urte bete zituenean. Hark sortutako hutsunea betetzeko, hilabete horretan bertan, hautagaiak aurkezteko epea zabaldu zuten. Euskaltzainek hautagai bakarra aurkeztu zuten uztailean egin zuten osoko bilkuran eta hautagai hori Jon Sarasua izan zen.

Orain, behin euskaltzain oso izendatuta, zortzi hilabeteko aldia izango du sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Harrera-ekitaldia aurrerago izango dela jakitera eman dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide