Saregilek luzatu egin du udazkeneko ikastaro eta taldeetan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta

Pertsona bat egunsentian. 

Tokia bete arte eta ikastaroak edo taldeak hasi arte egongo da izena emateko aukera. Programazioaren barruan hainbat ikastaro eta talde izango dira, besteak beste, Emakumeen Zirkulua, musika ekoizpena, harreman afektibo berdinzaleak, emakume artisten zikloa, amatasunak partekatzeko espazioa eta irakurle talde feminista. 

Saregile emakumeen etxeak luzatu egin du udazkeneko Ahalduntze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea, tokia bete eta ikastaroak hasi arte. Beraz, interesa duten emakumeek oraindik badute ikastaro eta taldeetan parte hartzeko aukera. Izen ematea online egin daiteke, esteka honetan, edo Saregilen bertan.

Ahalduntze Eskolak hainbat proposamen eskainiko ditu emakumeen autonomia eta konfiantza indartzeko, elkarrekin ikasteko, esperientziak partekatzeko eta sareak ehuntzeko. Prestakuntzarako gunea ez ezik, emakumeen arteko topaketa, saretzea eta ahalduntze indibiduala zein kolektiboa sustatzeko espazioa ere bada. Honakoa da programazioa:

  • Musika ekoizpena: Oihana Rodriguezek gidatuko du, euskaraz, eta urriaren 6an, 13an, 20an, 27an eta azaroaren 3an eta 10ean izango da, astearteetan, 17:30-19:30 artean (12 ordu). 12 euroko ekarpena egin beharko da. 
  • Harreman afektibo berdinzaleak: Pepa Bojok gidatuko du, gaztelaniaz, eta urriaren 9an, 16an, 23an eta 30ean eta azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an izango da, ostiraletan, 10:00-12:00 artean (16 ordu). 16 euroko ekarpena egin beharko da. 
  • Emakume artisten zikloa: Zorione Mendezek gidatuko du, euskaraz, eta azaroaren 4an, 11n, 18an eta 25ean eta abenduaren 2an eta 16an izango da, asteazkenetan, 17:30-19:30 artean (12 ordu). 12 euroko ekarpena egin beharko da. 
  • Irakurle taldea: Nerea Loiolak gidatuta, hileko azken asteazkenetan egingo dituzte saioak, euskaraz,18:30-20:00 artean, irailaren 30ean Basatiak (Maria Reimondez) liburuarekin hasita. Urriaren 28an Gerezi denbora (Montserrat Roig) izango dute hizpide, azaroaren 18an Etxe bat norberarena (Yolanda Arrieta), eta abenduaren 16an Juana (Jon Artano).
  • Emakumeen zirkulua: Aikari Lizasok gidatuta, euskaraz izango dira saioak, hausnarketa kolektiboaren eta jolas eta dinamika ezberdinen bidez, ongizate emozionala eta ahalduntzea lantzeko. Urriaren 27an, azaroaren 24an eta abenduaren 22an. Urtarriletik aurrera jarraipena izango du. Astearteetan 18:00-20:00 artean (6 ordu) elkartuko dira. 6 euroko ekarpena egin beharko da. 

Gogorarazi dute ikastaroen ordainketa eskudirutan egingo dela, eta behar dutenek haur zaintza zerbitzua eskatu ahal izango dutela izena ematerakoan.

Informazio gehiago behar izanez gero, Saregilekin harremanetan jar daiteke saregile@orio.eus helbide elektronikoan, 623 178 553 telefono edo WhatsApp zenbakian, edota Instagramen, @saregileetxea kontuan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide