Maria Zaldua: "Pibot on batek besteentzat lana egiten jakin behar du"

Julene Sorarrain

Maria Zaldua, gol bat ospatzen. (Utzitakoa)

Bere kirol ibilbideko momenturik onenean dago Maria Zaldua eskubaloi jokalaria. (Orio, 2002). Espainiako Liga eta Superkopa irabazi ditu aurten, eta Guerreras ligako jokalari onena izendatu dute.

Denboraldi biribila izan zen aurrekoa Maria Zaldua eskubaloi jokalariarentzat . Izan ere, ekainean Kanaria Handiko Rocasa taldearekin Espainiako Liga irabaztetik zetorren oriotarra, eta orain, beste titulu bat gehitu du palmaresera: Espainiako Superkopa. Duela bi aste jokatu zuten finala Donostiako Bera Beraren aurka, eta, lehia estu-estu baten ostean, 25-23 emaitzarekin eskuratu zuten garaipena Rocasakoek.

Hori ez zen izan, ordea, Zalduaren garaipen bakarra asteburu hartan. Hain zuzen ere, Guerreras ligako pibot eta jokalari onenaren sariak jaso zituen Vigon (Galizia), Emakumeen Eskubaloi Galan. Orain, denboraldi berriari ekin dio Kanarietako taldearekin, eta entrenamenduetan ditu jarrita indar guztiak.

Espainiako Superkopa irabazi berri duzu, eta Guerreras ligako jokalari eta pibot onenaren sariak jaso dituzu. Nola asimilatzen da gertatzen ari zaizun guztia?

Egia esan, Vigotik eskuak bete-beteta etorri nintzen, eta oso eskertuta nago. Pibot eta jokalari onenaren sarien berri uda hasieratik nuen, baina garrantzia gehiegi ez ematen saiatu naiz. Izan ere, egunez egun hobetzen saiatzen den jokalaria naiz, eta lortu dudanari garrantzia ematen diodan arren, ez naiz horrekin bakarrik geratzen. Pentsatzeko modu horrek egunetik egunera hobetzen laguntzen dit. Eta Superkopa etxera ekarri genuenean, oraindik eta gusturago etorri nintzen.

Galizian Bera Beraren aurka jokatutako finala oso parekatua izan zen. Zer gogoratzen duzu azken minutu haietaz, eta zer pasatu zitzaizun burutik partida amaitu zenean?

Bera Bera taldearen aurka bi final jokatu ditugu azken hiru hilabeteotan [Espainiako Ligakoa eta Superkopakoa], eta biak izan dira oso gogorrak. Nik beti esan dut Bera Beraren aurka jokatzea oso berezia dela, eta Superkopako azken minutu horiek oso ondo gogoratzen ez baditut ere, bada momentu bat zizelkatuta geratu zaidana. Bi goleko aldea genuen, eta hutsartea eskatu zuen gure entrenatzaileak. Almudena taldekidea albora etorri zitzaidan, eta honakoa esan zidan: "Bi minutu geratzen zaizkigu negarrez hasteko". Hori entzuteak oilo-ipurdia jarri zidan, eta ia ez nuen entzuterik izan entrenatzaileak momentu hartan esandakoa. Baina guk jada bagenekien zer egin behar genuen joko eremuan.

Rocasak Superkopa lortu du, titulu garrantzitsua. Zer du zuen taldeak, indibidualki eta kolektiboki, hain ondo funtzionatzeko?

Indibidualki, ez nuke esango jokalari bat bestea baino gehiago nabarmentzen denik. Guztiok gara parekoak, eta ezaugarri horrek indartzen gaitu; ez dago inor gailentzen denik, eta, beraz, denok egin behar dugu lan neurri berean. Taldean egiten dugun lana da garrantzitsuena.

Zer esan nahi du zuretzat ligako pibot onena aukeratu izanak? Zure ustez, zer izan behar du pibot handi batek?

Pibot on batek besteentzat lana egiten jakin behar du. Askotan errepikatu dut honako esaldi hau, baina pibot onenaren saria ez da niretzat soilik, baizik eta talde guztiarentzat. Eta sari hau lortu badut, nire taldekideengatik izan da.

Maila indibidualean hain denboraldi bikaina egin ondoren, nola kudeatzen da hurrengo denboraldian maila horri eusteko beharra, presioa?

Esango banu ez ditudala emaitza berberak berriro lortu nahi, gezurra esaten ariko nintzateke. Noski nahi ditudala lortutako garaipenak berretsi, eta gehiago lortzea ere bai, baina badakit oso zaila dela joan den denboraldikoak errepikatzea. Dagoeneko hasi dugu denboraldi berria: bi partida jokatu ditugu, eta garaipen bat eta porrot bat batu ditugu. Baina, partida bat galdu ala irabazi, gu kontziente gara ez garela ez onak, ez txarrak. Hau hasi besterik ez da egin, eta oraindik hilabete ugari falta dira amaiera ikusteko.

Aiala Zarautzen hasi zinen eskubaloian. Atzera begiratzeko ohiturarik ba al duzu?

Aiala eskubaloi klubean hasi nintzen jokatzen, eta klub horrekin Zilarrezko Mailan aritzeko aukera izan nuen. Konfinamenduko egunetan, ordea, Tenerifera [Kanariak, Espainia] joateko deitu ninduten, hain justu, senior mailara salto egin behar nuenean. Baiezkoa eman nien, eta 20 urterekin Tenerifetik Kanaria Handira egin nuen salto; aurten bost urte beteko dira hona etorri nintzenetik. Pertsona oso nostalgikoa naiz, iraganeko argazki guztiak baititut gordeta, eta noizbehinka horiek begiratzeko ohitura dut. Gainera, txiki-txikitatik hasi nintzen Laida Urbitarterekin jokatzen, eta pauso guztiak batera eman ditugu: bai selekziorako, bai ohorezko mailarako. Parez pareko ibilbidea egin dugu, eta atzera begiratzean, ohartzen naiz emaitzak ez direla bat-batean iristen, baizik eta prozesu luze baten ondorioa direla. Iristen diren heinean, aukerak aprobetxatu egin behar dituzu, eta espero ez zenuen leku batera eramango zaituzte.

Dagoeneko badituzu jokalari nahiz pibot onenaren sariak, baita liga eta superkopa bana ere. Zer helburuk bultzatzen zaitu egunero entrenatzeko eta lehiatzeko gogoz jaikitzera? Eta urrutirago begiratuta, zer amets geratzen zaizu betetzeko eskubaloian?

Liga dagoeneko irabazita, orain nire helburua Erreginaren Kopa eskuratzea izango litzateke. Iazko denboraldian ilusio handia egiten zidan titulu hori lortzeak; izan ere, Donostian jokatu zen torneoa, eta jende ezagun asko etorri zen ikustera. Ezin izan genuen irabazi; horrek, ordea, irabazteko gose handiagoa eman zigun. Aurten, gainera, Europako Txapelketan lehiatuko gara, eta ilusio handia egiten digu taldekide guztioi, bi urte igaro baititugu Rocasan txapelketa hori lehiatu gabe. Hor dut jarrita fokua orain.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide