Orioko Udalak jakitera eman duenez, urriaren 1etik azaroaren 10era egongo da zabalik hainbat udal zerga eta tasa borondatez ordaintzeko epea. Honako zerga eta tasa hauek ordaindu ahal izango dira tarte horretan: finken barrura ibilgailuak espaloietan zehar sartzea; udal erabilera publikoko lurrak mahai, mahaitxo, aulki eta antzeko instalazioekin okupatzea (terrazak); herri baratzeak; auto-taxien lizentziak; eta Jarduera Ekonomikoen Zerga (Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du).
Herri baratzeak aurten esleitu direnez berriz, aurtengo ordainagiria kontu korrontetik kargatzea nahi duten erabiltzaileek aste honetan egin beharko dute helbideratze eskaera udaletxeko arreta leihatilan.
Helbideraketak
Ordainagiria helbideratuta ez duten zergadunek helbideratze eskaera egin dezakete udaletxeko arreta leihatilan. Horretarako, ordainagiria kargatu nahi duten kontu korrontearen titularitate ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Helbideratutako ordainagiriak kobrantza epearen lehen astean kargatuko dira zuzenean zergadunak aukeratutako kontu korrontean.
Udalak gogorarazi nahi du zerga edo tasa bat helbideratuta izateak ez duela esan nahi gainerako guztiak ere helbideratuta daudenik. Zergadunak berariaz adierazi behar du zein zerga edo tasa helbideratu nahi dituen.